Irimo: Urretxuri babesa ematen dion mendia
Urretxun San Martin de Toursen eta Lurdesko Amaren elizak dituzte eta Santa Anastasia jaiak ospatzen dituzte, baina herriko zaindari nagusia mendi bat da: Irimo mendia. Izan ere, Urretxu Irimoren magalean
Urretxun San Martin de Toursen eta Lurdesko Amaren elizak dituzte eta Santa Anastasia jaiak ospatzen dituzte, baina herriko zaindari nagusia mendi bat da: Irimo mendia. Izan ere, Urretxu Irimoren magalean jaio zen eta mendi hori aberastasun iturri izan da herriarentzat. Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak bisita gidatua antolatu du igande honetarako, mendi horren historia eta altxorrak ezagutzera emateko.
Parte hartzaileak 07:45ean irtengo dira Areizaga-Kalebarren plazatik. Gidari lanak Jonmikel Intsaustik egingo ditu. Parte hartu nahi dutenek zintzo_mintzo@otamotz.com helbidera idatzi behar dute izena emateko.
Intsaustik, Irimora bidean, Gaspar de Jauregiz eta Amelio Mendijurrez hitz egingo die. Jauregi gerrillaria frantziarren aurka borrokatu zen gerra napoleonikoetan eta bere hondarrak parrokian daude. Mendijur, berriz, txirrindulari aparta izan zen. Bergarako lasterketan hil zen, Eitzaga jaisten.
Bere jaiotetxetik gertu Altamira baserria dago: XVI. mendekoa da eta herrigunean gelditzen den baserri bakarra da. Ondoren, Nebera bisitatuko dute. Toki horretan urretxuarrek bi zulo egin zituzten elurra gordetzeko. Zulo hauetan gordetzen zuten izotza janariak gordetzeko eta medikuntzarako erabiltzen zuten.
Irimok, izotzaz gain, ura ere ematen die urretxuarrei. Baita zumarragarrei ere! 1902an Zumarragako Udalak bertako iturburuak erosi zituen ur gabeziari aurre egiteko. Lursail horiek Zumarragarenak dira oraindik.
Iturburuak bisitatu ondoren, Intsaustik Trekutz edo Meaka aisialdi guneari, Trekutzeko tumuluari eta Irimoegi auzoari buruz hitz egingo die mendizaleei. Irimoegi Antzuolako auzo bat da. Izan ere, bi herrien arteko muga Irimon dago. Hala, mendi hori Deba, Goierri eta Urolako hizkeren arteko mugarria ere bada.
Meakatik Irimoko zazpi puntetara joango dira. Izan ere, horretan ere aberatsa da Irimo mendia: tontor bakarrarekin nahikoa ez eta zazpi ditu. Hauek dira bere izenak: Irimo (gurutze handia gainean duena), Arbeleta, Buzoi (altuena, 898 metrorekin, eta buzoia duena), Losakate, Arrizuri, Trintxuleku (Urretxu eta Antzuolako udal barrutiak banatzen dituen mugarria gainean duena) eta Meaka.
Gurutze handia 1955ean inauguratu zuten. Azpian aterpe bat du eta aterpe honen barruan gurutze zaharra dago.
Zazpi puntetatik igaro ondoren, Lizarriturrira jaitsiko dira. urretxuarren iturri kuttunera. Club Alpino Txindoki mendizale elkarteak egin zuen, inguruko baserritarren eta federazioaren laguntzarekin. 1936ko ekainaren 28an inauguratu zuten eta 2011ko ekainaren 26an bere 75. urteurrena ospatu zuten.
Lizarriturrin freskatu ondoren, mendizaleak Santa Barbarara jaitsiko dira. Lizarriturri urretxuarren iturri kuttuna bada, Santa Barbara atseden gune maiteena dute. Bertan, hamaika ekitaldi antolatzen da urtean zehar. Garrantzitsuenak ekainean izaten dira: Kalegorrian musika jaialdia eta San Joan eguneko erromeria.
Kalegorrian jaialdia igandean hasi zen eta hurrengo bi larunbatetan ere kontzertuak egongo dira, 20:00etatik aurrera. Aste honetan, 17:00etan haurrentzako musika tailerra egongo da, 19:00etan txokolate-jana egingo dute eta 20:00etan Big Boy taldeak joko du. Hurrengoan, berriz, Fits taldeak eta Anarik joko dute.
Hilaren 24an, berriz, erromeria egingo dute bertan. Urteroko moduan, meza, dantza emanaldia, bertsolariak, mendi lasterketa (Irimora igoera, nola ez), toka txapelketa, irrintzi lehiaketa… egongo dira.
Ipeñarrieta jauregia
Baina Santa Barbara, aisialdirako gune zoragarri bat ez ezik, baserri auzo bat ere bada. Bertako eraikin nagusiak XVI. mendeko ermita eta Ipeñarrieta jauregia dira. Etxe hori Urretxuko ikusgarriena da. Ipeñarrieta sendiak eraiki zuen. Familia horrek Espainiako Gortean garrantzia handiko postuak izan zituzten seme-alabak eman zituen.
Horretaz guztiaz gain, Irimok museo bat ere badu: Aikur, erleen museoa. Eta baita errege-bide bat ere. Bertatik Felipe III.a Espainiako erregea, Napoleon Bonaparte eta Velazquez margolaria pasa ziren, besteak beste. Igandeko bisita gidatuan pertsonaia historiko horiek zapaldu zituzten harri berak zapalduko dituzte.
Ikusten denez, Irimok historia oparoa eta altxor paregabeak ditu. Baita herri oso bat bere magalean ere!