Pottokak bertatik bertara
Zaldibia Aralar Pottoka Elkarteak Artxabal izeneko parajean duen pottoka gunea egokitu eta informazio panel berriak jarri ditu. Eremurako sarrera librea da, beti ...
Zaldibia Aralar Pottoka Elkarteak Artxabal izeneko parajean duen pottoka gunea egokitu eta informazio panel berriak jarri ditu. Eremurako sarrera librea da, beti ere animaliekin eta ingurumenarekin errespetatuz jokatzen bada.
Badira hamar dozena bat urte Zaldibia Aralar Pottoka Elkarteak (ZAPE) Artxabalgo Pottoka Gunea martxan jarri zuela, Aralarko Parke Naturalean. Orain gutxi, udalarekin beste hamar urterako kontzesioa berritu du –udal jabetzakoa da eremua–, eta horren harira, inguruari txukundu lege bat eman eta informazio panel berriak jarri dituzte elkartekoek, hiru hizkuntzatan. Goierriko hainbat entitatek diruz lagundu dute berritze hau.
Elkartearen eta erreserba horren helburuak berberak dira: galtzeko arriskuan dagoen euskal arrazako zaldi hori mantendu eta berreskuratzea, eta era berean, jendarteari gerturatu eta ezagutzera ematea. Gunean pottokak gertutik behatu eta haien haziera fase ezberdinak ezagutzeko aukera dago, hasi moxaletatik eta helduetara arte. Gaur-gaurkoz 25 bat buru ditu elkarteak Artxabalen.
Aintzina-antzinatik Euskal Herriko mendien orografia malkartsuetara egokitu den zaldi arraza da pottoka, Pirinioen bi aldeetan garatua. Ez da garaia –gurutzea 1,15 eta 1,30 metro artean–, kolorez beltza edo gaztaina iluna da, hanka fin baina indartsuak ditu, eta lepo sendoa eta atze estua. Proportzio oneko animalia da. Zaldibiako pottokak Ausa-Gazteluko herri lurretan larratzen dira hilabete luzetan, egoera erdi basatian.
Errespetuz, libre
Pottoka gunerako sarrera librea da, betiere animaliak eta ingurua errespetatzen badira. Itxitura nagusira iritsi aurretik topatuko ditu bisitariak lehen bi informazio panelak, eta barrenean pottokaren ezaugarri morfologikoak azaltzen dituen hirugarren bat dago. Olariagako saroitik bertan dago Artxabal, Zaldibiako Egileor auzoan. Webgunea: www.pottoka.org.