Segura, Beasain, Legazpi, Urretxu, Ordizia eta Lazkaokoak irekita daude dagoeneko. Idiazabal, Ormaiztegi, Zegama eta Olaberrikoak datozen egunetan irekiko dituzte
![beasaingo_igerilekuak](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/06/beasaingo_igerilekuak.jpg)
Udan sartzeko astebete falta bada ere, eta eguraldiak gehiegi laguntzen ez badu ere, Goierriko kanpoko igerileku gehienak ireki dituzte dagoeneko. Hiru hilabeteko uda denboraldian murgilduta daude. Sorosleak ere prest daude igerilariak segurtasuna zaintzeko.
Urretxukoak, Ordiziakoak eta Lazkaokoak izan ziren irekitzen lehenak; larunbatean ireki zituzten. Beasaingoak, Segurakoak eta Legazpikoak, berriz, atzo ireki zituzten. Segurakoak aurten arte San Joan jaiak pasatu arte ez zituzten irekitzen, baina herritarren eskariz, eta proba egiteko, inoiz baino lehen ireki dituzte.
Idiazabalgoak ere prest daude larunbatean irekitzeko. Ormaiztegikoak eta Zegamakoak datorren astean irekiko dituzte, haurrek oporrak hartu ondoren; hilaren 21ean eta hilaren 24an.
Irekitzen azkenak, Olaberri-koak izango dira. Ihurre auzoko igerilekuan berrikuntza lanak egiten ari dira eta uztailaren lehenengo egunetan irekitzea aurreikusten dute Olaberriko Udalean.
Igerilekurik gehienak 11:00-etatik 20:00etara egongo dira irekita; Legazpikoak 10:00etan.
Urretxun berrikuntzak
Urretxuko Pagoetako igerilekuek 25 urte bete dituzte dagoeneko. Berrikuntza sakonaren beharrea dago eta udala hainbat aukera aztertzen ari da. Bitarte horretan, aurten behar-beharrezkoak diren lanak egin dituzte: baldosei eta eskailerei tratamendu berezia eman diete ez labaintzeko.
Sorosleei arreta
Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko sorosleen esanei jaramon egitea eta eguzkitik babesteko krema ematea aholkatzen dute igerilekuetako arduradunek.