Hegialdeko jaietan asto lasterketarik ez egitea begi onez ikusi du Legazpiko Equok
Joan den asteburuan ospatu zituzten jaiak Legazpiko Hegialde auzoan. Aurten ez dute asto lasterketarik egin, eta Legazpiko Equo taldeak zoriondu egin du jai batzordea erabakiarengatik. “Ekintza hori ez zen egokia gure seme alabentzako; gaur egun ugariak dira aisirako aukerak, eta ez da beharrezkoa animaliei sufrimendua eragiten dieten ikuskizunak antolatzea”, adierazi du Alberto Bezunarteak.
Equoren esanetan, lasterketek estresa eragiten diete astoei, eta zoruak kalte egiten die azazkaletan. Gainera, asto lasterketetan tratu txarrak ikustea “oso ohikoa” dela adierazi dute. Datozen urteetan ere herrian asto lasterketarik ez antolatzea espero dute.