Parte hartze handia izan da: 620 lan. Aukeratuta 50 lan ikusgai daude kultur etxean, eta bihar egingo dute sari banaketa. Mikel Martin bilbotarrak jaso du lehenengo saria
Ikatza Argazki Elkarteak bihar egingo du Legazpi Hiria lehiaketako sari banaketa, kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan. Euskal Herriko zein estatuko 157 argazkilarik parte hartu dute aurten, eta guztira 620 lan aurkeztu dituzte. Mikel Martin bilbotarrak irabazi du lehenengo saria (500 euro). Bigarren saria (300 euro) Juan Antonio Palacios eibartarrak jasoko du eta, hirugarrena (200 euro), Iñigo Olarte azpeitiarrak. Bestalde, Iosu Garai legazpiarrari emango diote herriko saria,
Errekatxoa lanagatik; 200 euro jasoko ditu horrek ere. Diruaz gain, Juan Mari Burgera eskultore legazpiarrak egindako trofeo bana jasoko dute sarituek. Lehenengo hiru sarituak, berriz, Argizaiola lehiaketarako sailkatu dira.
Aurkeztutako 620 lan horietatik, 50 inguru aukeratu eta inprimatu ditu Ikatzak. Ikusgai daude kultur etxean, ekainaren 30era arte. Saritutako lanak ere ikus daitezke bertan. Astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era dago irekita erakusketa. Besteak beste, Ikatzako hainbat kideren lanak ikus daitezke erakusketan: Garairen hiru lan —saritua eta beste bi—, Errikarte Agirreren lan bat eta Gorka Gomezen beste bat.
Garai oso gustura agertu da herriko sariarekin. Ez da irabazten duen lehenengo aldia, baina, hala ere, ez zuen espero. «Maila altuko lehiaketa da, eta herrian bertan ere oso jende ona aurkezten da». Sari horrek bultzada bat eman diola adierazi du, «lo hartu gabe, aurrera jarraitzeko».
Urbian ateratako argazkia
Lau lan aurkeztu zituen Garaik, eta
Errekatxoa izan da saritua. Neguan Urbian ateratako argazkia da. Erreka bat ageri da erdian, eta alboetan elurra. «Argazkiko giroa gustatzen zait, lainoarekin; bestalde, errekak markatzen duen bidea oso argia da, eta inguruko marra guztiek errekatxora bideratzen dute begirada», azaldu du. Elurra eta lainoa gustuko elementuak ditu Garaik, baita Urbia mendia ere. «Sarritan joaten naiz inguru hartara argazkiak ateratzera».
Zuri-beltzeko argazkia da Garairena, erakusketan dauden beste argazki asko eta asko bezala. «Zuri-beltza beti modan dago», esan du legazpiarrak. «Zuri-beltzak beste balore bat ematen dio argazkiari, eta esanahia indartzen du». Lehiaketan parte hartu duten argazkilari askok erabili duten errekurtsoa da. Lehenengo saria eta hirugarrena jaso dituzten argazkiak ere zuri-beltzekoak dira.
Bestalde, Garairen argazkia ia editatu gabe dago. «Ahalik eta gutxien editatzearen aldekoa naiz», esan du. Horixe izan da, hain zuzen ere, aurtengo epaimahaiak balorean jarri duena: argazkiak ahalik eta gutxien editatuak izatea, eta naturaltasuna transmititzea. Hiru kidek osatu dute aurtengo epaimahaia: Jose Luis Lopez de Zubiria legazpiarrak eta Irungo argazki elkarteko Jesus Hernandez eta Begoña Darcelesek.
Prestigiodun lehiaketa
Julian Gil lehiaketaren antolatzaileak azaldu duenez, urtero epaimahaikide ezberdinak aukeratzen saiatzen da Ikatza. Irizpide ezberdinak dituen jendea aukeratzen dute, argazki irabazleak ere ez daitezen urtero antzekoak izan.
Lehiaketaren kalitatea nabarmendu du Gilek, eta urtetik urtera argazki hobeak aurkezten direla adierazi du. «Estatu mailako sarituren batek ere parte hartu du». Gilen ustez, prestigioa duen lehiaketa da, eta horregatik aurkezten dira kalitateko argazkilariak. Garairen ustez, sariek ere zerikusia dute parte hartze altuan: «Sari onak dira, eta horrek beti erakartzen du jendea».
Ikus-entzunezkoak
Ikatza elkarteak, Legazpi Hiria lehiaketaz gain, beste hainbat ekintza antolatzen ditu Legazpin urte osoan zehar. Uztailaren 4tik 8ra, esaterako, gaztetxoentzako argazki ikastaroa antolatu dute. Hamar eta hamalau urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izen ematea bihar irekiko da, eta ekainaren 30ean amaitu.
Bestalde, uztailean elkarteko kideen argazkiekin osatutako ikus-entzunezkoen emanaldiak egingo dituzte ostiraletan. Lehenengoa, uztailaren 1ean izango da, 22:00etan, plazan. Hamabost kideren lanak erakutsiko dituzte.