Euskarazko opera emanaldia, hilaren 25ean Zumarragan
Hilaren 25ean, 22:00etan, Mozkorra parregarri opera antzeztuko dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Opera hori Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondeak idatzi zuen duela 250 urte eta euskaraz idatzitako lehen opera da.
Hilaren 25ean, 22:00etan, Mozkorra parregarri opera antzeztuko dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Opera hori Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondeak idatzi zuen duela 250 urte eta euskaraz idatzitako lehen opera da. Zumarragan aurkeztuko duten bertsioa Bergarako musikari talde batek ekoiztu zuen, opera honen 250. urteurrena dela eta.
Munibe Azkoitiko zalduntxoetako bat izan zen, eta opera hori Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten urte berean idatzi zuen.
Opera emanaldia atzo eguerdian aurkeztu zuten Zelai Arizti aretoan. Ekitaldian, Mikel Serrano Zumarragako alkateak, operan parte hartzen duen Marije Ugaldek eta opera emanaldiak bultzatzeko sortutako taldeko lau lagunek parte hartu zuten: Xabier Barriola, Juan Carlos Alvarez, Javier Arratibel eta Mikel Lizarraldek.
Ugaldek Zumarragako opera zikloan parte hartzea «ohorea» dela esan zuen. «Iaz opera honen estreinaldiaren 250. urteurrena bete zen. Bergaran estreinatu zenez, bergararrok opera hau egitea erabaki genuen. Udaletxeko areto nagusian antzeztu genuen, duela 250 urte bezala».
Originalean abestiak euskaraz dira eta gainontzeko testuak gazteleraz. Zumarragan antzeztuko duten bertsioan, berriz, ia dena euskaraz da. Pertsonaia batek bakarrik egiten du gazteleraz, andaluziarra delako. Musikari dagokionez, Txemi Etxeberriak egin zituen konponketak. Soka eta klabezin laukote batek joko du musika, XVIII. mendeko erara. Oso opera «polita» dela gehitu zuen. «Oso obra barregarria da. Gainera, gure taldeak 25 urteko esperientzia du musikalen munduan. Hori dela eta, lan ona egin dugula uste dut».
Bergaratik Madrilera Dagoeneko toki askotan antzeztu dute: Antzuolan, Donostian, Elgoibarren, Gasteizen, Markinan, Madrilen… Zumarragakoa hamabosgarren emanaldia izango da.
Lizarraldek opera emanaldietara joan diren zumarragar eta urretxuar guztiei eskerrak eman zizkien. «Irailean, opera emanaldiak aurkeztu genituenean, ez genekien zein erantzun jasoko genuen. Izan ere, aurreko saiakerek erantzun eskasa jaso zuten. Oraingoan, berriz, erantzuna oso ona izan da. Saio guztietan 100 lagun baino gehiago elkartu gara eta batzuetan aretoa ia bete egin da. Eskerrak eman nahi dizkiegu emanaldietara etorri diren guztiei. Guztiok elkarrekin une hunkigarri, dibertigarri eta beldurgarriak igaro ditugu», aipatu zuen.
Herritarrak hilaren 25eko ekitaldira gonbidatu zituen. «Oraingoan opera hiru dimentsiotan gozatuko dugu eta musika zuzenean entzungo dugu. Herritar guztiak ikuskizun honetaz gozatzera gonbidatu nahi ditut. Ez dira damutuko. Probatzen duenak, errepikatu egiten du».
Alkateak udalak operaren aldeko apustua egin duela esan zuen. «Aurreko aurkezpen batean Mozkorra parregarri Zumarragara ekarriko genuela hitz eman genuen eta hitza bete dugu».