Txapelketako parte-hartzaileak saria emateko ekitaldian
Legazpiko Andraitz saskibaloi taldea klubaren eguna ospatzen ari da egun osoko ekitaldiekin. Goizeko ekitaldiak herriko Bikuña kiroldegian burutu dituzte. 09:30ean haur, kimu eta benjamin mailako txapelketen finalak jokatu dituzte, eta 11:00etan, berriz, senior, kadete eta haur mailako finalak eta jaurtiketa lehiaketak ospatu dituzte. Txapelketak bi asteko iraupena izan du, eta parte-hartzaileak herriko Haztegi ikastolakoak zein Domingo Agirre eskolakoak izan dira.
Javier Iraeta saskibaloi taldeko koordinatzailearen esanetan, “jendea oso ondo pasatzen ari da” eta eurek ere balorazio oso positiboa egiten dute: “Hemendik jokalari berriak etorriko direla espero dugu”, adierazi du. Era berean, gurasoak euren seme-alabak “sutsuki animatzen” ari direla ere azpimarratu du, horrela, haurrak ere gustura dabiltzala nabarmenduz.
Goizeko ekitaldien ostean, arratsaldean festak jarraipena izango du. 14:15ean gizarte zentroan bazkalduko dute, eta ondoren sorpresak eta bingoa egongo dira. Iraetaren esanetan, “guztira 50 pertsona inguru bilduko” dira; haurrak, gurasoak eta klubeko kideak.