«Ahal dudan bitartean mendira joango naiz, korrika ez bada, oinez»
Aitziber Osinaldek (Legazpi, 1971) mendia maite du. Azken hiru urteetan buru belarri dabil mendi lasterketetan, baina, egunen batean uztea tokatzen bazaio, ...
Aitziber Osinaldek (Legazpi, 1971) mendia maite du. Azken hiru urteetan buru belarri dabil mendi lasterketetan, baina, egunen batean uztea tokatzen bazaio, argi du mendira joaten jarraituko duela, beste inon ez bezala gozatzen baitu bertan. Duela bi urte garaile izan zen Goierriko Bi Handietan, eta iaz bigarren egin zuen. Aurten, iazko denbora mantentzeko helburuarekin parte hartuko du. Irabaziz gero, erretinosi pigmentarioaren inguruan ikertzeko emango du dirua, aurtengo gainontzeko sariak bezalaxe.
Noiz eta nolatan hasi zinen mendian korrika?
Mendian betidanik ibili naiz, baina korrika orain dela hiru urte hasi nintzen. Jokin Garaik eta Lorea Jimenezek animatu ninduten, eta haiei eman behar dizkiet eskerrak. Goierriko Bi Handiak lasterketarako prestatzen hasi nintzen haiekin. 2014an ongi atera zitzaidan, irabazi egin bainuen, eta geroztik jarraitu egin dut beste lasterketa batzuetan ere parte hartzen. Iaz bigarren egin nuen Goierriko Bi Handietan.
Espero zenuen Goierriko Bi Handietarako prestatzen hasi, eta lehen urtean irabaztea?
Ez nekien amaituko nuen ere, eta irabazi egin nuen. Poza sentitu nuen. Dena den, nire helburu nagusia ez da irabaztea izaten. Disfrutatzera ateratzen naiz. Gainera, lasterketen aurretik oso-oso urduri jartzen naiz. Oraindik ez dut ikasi urduritasun hori kontrolatzen. Batzuetan pentsatzen dut ez ote litzatekeen hobe izango nire kabuz mendian korrika egitera ateratzea, lasterketan parte hartu gabe. Atzean dagoen jendearengatik gauzak ondo egin nahi dituzu, eta presioa sentitzen da. Atzean jende asko dago gure egun txarrak, entrenamenduak… jasan behar dituztenak. Dena den, gauzak ongi ateratzen direnean denok gozatzen dugu.
Zer da zuretzat mendia?
Mendia era guztietara gustatzen zait, ez soilik korrika egiteko. Egunen batean lasterketak uzten baditut ere, nik mendira joaten jarraituko dut. Nire nahia lesiorik ez izatea da, mendira joaten jarraitu ahal izateko, korrika ez bada, oinez. Mendiak dena ematen dit, eta asteburua iristen denean mendira joatea izaten da nire plana: lasterketak, lagunekin… edozein modutara. Dena den, egia da mendiko lasterketek lagun asko egiteko balio izan didatela.
Nondik datorkizu mendiarekiko zaletasun hori?
Txiki-txikitatik izan dut gustuko. Kimuberri ikastolak irteerak antolatzen zituen, eta denetara joaten ginen. Izan nuen nire parranda garaia ere, baina gero berriro itzuli nintzen. Legazpiko jende askorekin joan izan naiz mendira.
Azkenaldian modan daude mendiko lasterketak, ezta?
Oso modan daude. Lehen mendira jende asko joaten zen oinez, eta orain denak korrika ikusten dira. Ez dakit moda honek zenbat iraungo duen.
Zein motatako lasterketetan parte hartzen duzu?
Lasterketa luzeetarako prestatzen naiz, ultretarako. Horietan moldatzen naiz hoberen. Konstantea eta buru gogorra naiz. Azken finean ordu asko dira, eta buruak ere eragiten du.
«Lasterketa luzeetan moldatzen naiz hoberen; buru gogorra eta konstantea naiz»
«Oraindik ez dut ikasi lasterketen aurreko urduritasuna kontrolatzen»
«Goierriko Bi Handietan amaitzea eta iazko denbora hobetzea da nire helburua»
«Aurten saritan irabazitako dirua erretinosi pigmentarioa ikertzeko da»
Talderen batekin aritzen zara korrika?
Kulum Sport taldean nago. Aguraingo (Araba) denda bat da. Arropa ematen digute. Jokin Garai zegoen taldean sartuta, eta haren bidez ezagutu nituen. Taldea, berez, Aguraingoa izan arren, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ere bagaude.
Nola prestatzen dituzu entrenamenduak?
Orain arte nire kabuz entrenatzen nintzen. Aurten, berriz, entrenatzaile batekin nabil, eta berak esandakoa egin beharra daukat. Hiru egunetan entrenamendu gogorragoa egiten dut, eta besteetan oso lasaia. Egun lasai horiek oso gaizki eramaten ditut. Egia esan, kostatzen ari zait moldatzea. Niri mendira joatea gustatzen zait, eta egun batean paseo lasai bat egitea tokatzen bazait deskantsua tokatzen delako, ez dut ondo eramaten. Gorputzak gehiago eskatzen dit. Paseo batek ez nau betetzen. Ikusiko dugu ea emaitzarik ematen duen.
Aurten ere parte hartuko duzu Goierriko Bi Handietan. Zein erronka jarri diozu zure buruari?
Lehenik eta behin, amaitzea. Erraz esaten da, baina edozein gauza gertatu daiteke: egun txarra izatea, eguraldia… Eta ea iazko denbora mantentzen dudan, gutxienez.
Zein beste lasterketatan parte hartuko duzu?
Pirinioetan egiten den Epic Trail-era joango naiz, uztailaren 23an. Ibilbideak 105 kilometro ditu.
Aurten saritan irabazitako diru guztia erretinosi pigmenarioa ikertzeko emango duzu. Nolatan?
Nire kuadrillako batek, Amaia Gereñuk, erretinosi pigmentarioa du. Berak galdetu zidan ea posible izango litzatekeen gaixotasunaren izena idatzita zeraman kamiseta bat janztea lasterketetan, gaitza ezagutzera emateko. Kulum Sport-ek ez zidan arazorik jarri, eta orain taldekide guztiok daramagu arropan Retinosis pigmentaria idatzita. Bestalde, nire bikotearekin hitz egin nuen, eta erabaki genuen aurten irabazitako sari guztietako dirua ikerketarako emango genuela. Lasterketak irabaziz gero, ateratzen da dirutxo bat.
Aurten dagoeneko irabazi duzu lasterketaren bat, ezta?
Pastores de Portudera lasterketa irabazi nuen Cabralesen (Asturias); 21 kilometro ditu probak. El Cainejon ere irabazi nuen; maiatzaren bukaeran Europako mendietan egiten den 54 kilometroko lasterketa da. Runela Trailen, berriz, Burgosen, hirugarren egin nuen. Ea denboraldiak horrela jarraitzen duen.
Mendiko lasterketetan emakumeak oraindik gutxiago izango dira, ezta?
Gero eta gehiago ikusten dira, baina oraindik ikaragarrizko aldea dago.
Norbaitek orain mendiko lasterketetan parte hartzen hasi nahiko balu, zein aholku emango zenioke?
Animatzeko. Lasterketetako giroa oso polita izaten da. Azken finean, mendian, borroka zure buruarekin daukazu. Bakarrik zaude, eta zuk egin behar duzu.