Goierriko herririk jendetsuena da Beasain. Industria sare zabala du, eta CAF enpresa da ezagunena. Azken urteetako bilakaeraren ondorioz, eskualderako zerbitzu asko herrian bertan jarri baitituzte, Goierriko hiri txiki bat bilakatu dela ere esan daiteke.
Industriari estuki lotutako herria da Beasain. Industriaren lehen agerpenak Igartzako burdinolakoak dira: XV. mendean, burdina lantzen hasi ziren. Gaur egun ere, industria sare indartsua dauka, mundu osorako trenak egiten dituen CAF enpresa buru dela.
Herrigunean zeuden enpresak industrialdeetara eraman, eta kale estu ilunak oinezko kale zabal argi bilakatu dira. Bilbok azkeneko hamarkadetan izan duen bilakaerarekin parekatzen dute askok eta askok Beasainen bilakaera. Biztanleriari dagokionez, azken zortzi urteetan mila biztanleko igoera izan du Beasainek; Goierriko herririk handiena eta nagusia da, 13.948 biztanlerekin.
Eskualde mailako zerbitzu asko herrian kokatzen joan dira pixkanaka. Lanbide eta Gizarte Segurantzaren bulegoak dira horren adibide. Osasun zentroak ere gero eta eskaintza zabalagoa eta osoagoa ematen dio Beasaini eta eskualdeari. Herri erdiguneko kale nagusiak oinezkoentzat egokitzeak bizitza eman dio Beasaini. Merkataritzak ere indarra hartu du azken urteetan.
Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak zehaztu duenez, azken urteetako Beasainen bilakaera horretan, «pertsonei begiratutako hirigintza» izan da oinarria. «Garapen urbanistikoa ia % 80an garatuta dago Beasainen, eta egiten ari den transformazioan, beti pertsonen ongizatea hartzen dugu oinarri».
Beasain «garatzen jarraitzeko» aukera, N-1 errepide aldera, Renferen gunean ikusten du Aldasorok. «Zertarako? Batez ere, zerbitzuak hobetzeko: autobusen intermodal bat Beasaingo sarrera-irteerak egokitzeko, aparkalekuak egokitzeko…». Aldasororen esanetan, Beasain «gauza askotan» hazi da, baina arlo horietan ez. «Jakina, horren guztiaren oreka bilatu beharko da. Oreka, garapen urbanistiko bati lotuta. Muskulu finantzarioa behar da hori dena egiteko».
Adifekin gaia lantzen ari direla aurreratu du alkateak: «Luzerako proiektuak dira, baina luzerako proiektuek motzean eskatzen dute lanketa».
«Aurrera begirako enpresak ez dira CAF bezalako
enpresak izango. Enpresa digitalak izango dira»
«Gizartea heltzen ari da, eta gizarte heldu horren
ongizatea zaindu edo egokitu beharra dago»
Aitor Aldasoro (Beasaingo alkatea)
Hainbat guneren berrerabiltzea eta berreskuratzea ere Beasainen erronketako bat da. Igartza Monumentu Multzoa berreskuratua dute jada. Erdi Aroaren lekuko diren jauregia, errota, burdinola, presa eta zubia eraberritzeko apustua egin zuen Beasainek.
Etorkizunari begira, Dolarea parkea eta Olaran enpresa dira berreskuratze lan horretarako bi proiektu nagusiak. Olaran fabrika 1939an eraikitakoa da, arkitektura industrialeko ezaugarriak ditu, arkitektura arrazionalista garaikoak. 2003. urteko urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondare izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.
Berrerabiltzearen filosofiari helduta, Olarani zein erabilera eman aztertzen ari dira orain. Ideiak hartzeko, adibidez, Bilboko Auzo Factory Irazabal-Matikon, hiriko ekonomia eta garapen soziala bultzatzeko gunea ezagutzen izan dira. «Olaranek, arlo ezberdinetan ekintzailetasunari begiratuta, gazteen potentzialitatea garatuko duen gunea izan behar du nire ustez. Aurrera begirako enpresak ez dira CAF bezalako enpresak izango. Enpresa digitalak izango dira batez ere, mahai baten bueltan lan egiten dutenak. Ea asmatzen dugun Olaranen aisiari, formakuntzari eta lan munduari begirako gune bat sortzen».
Ongizatearen alorrean, «gero eta indar gehiago hartuko duen belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitza» da Beasaingo Udalaren erronka. Beasain Lagunkoia programa garatzen ari dira horretarako: «Geroz eta jende helduagoa dago, eta gazteengandik jan beharko dute nahitaez. Behar horiei begiratuta eraiki beharko da herria». Era berean, gizartean sortzen ari diren behar berriei erantzun nahi diete: «Gizartea heltzen ari da, eta gizarte heldu horren ongizatea zaindu edo egokitu beharra dago. Pentsa Beasaingo goiko guneetan zenbat pertsona heldu dagoen, etxetik atera ezin duena, igogailurik ez dagoelako… guri dagokigu hori dena erraztea». Bestetik, Cita Alzheimer programa lantzen hastekotan dira, alzheimer gaixotasunaren prebentzioaren arloan lan egiteko.
Kultura eta euskara
Kultura aldetik herri bizia da Beasain. Gernika pasealekuko pilotalekua eta parkea estaltzeak, Loinazko San Martin plaza azpia egokitzeak eta Igartza Monumentu Multzoa eraberritzeak lagundu du horretan.
Idazle berrientzat erreferentzia da Beasain, Igartza literatur bekari esker. Orain, Musikeneko ikasleentzat ere erreferentzia bilakatu nahi dute, Igartza musika beka sortu berria baitute Musikenerekin elkarlanean. Igartza Musika programaren barruan sartzen da musika beka. «Herriari bizitza emateko helburuarekin» Igartza Musika zikloa sortu dute, eta Igartza musika bekarekin, nazioarte mailako musikari gazteei ere lekua egingo diete Igartzan. Horrekin guztiarekin, «alaitasun bat eta zentzu bat emango diogu Igartza inguru hori», zehaztu du Aldasorok. Dantzak ere pisu handia du Beasainen, eta Dantzan.com elkartearekin sinatu berria dute hitzarmen bat, «Beasainen euskal dantza tradizionala egonkortzeko».
Beasainen garapena ezin da ulertu euskararen garapenik gabe. Euskararen erabilera areagotzeko erronkari begira, batez ere haurretan eta aisian jarri nahi du indargunea udalak: «Eragite esparrua kalea edo aisia da. Diagnostikoa eta lanketak egiteko, proiektu bat garatzeko eskola kirola, futbol eskola, saskibaloi taldea eta igeriketa taldea hartu ditugu». Era berean, ludotekak hizkuntza errefortzurako erabiliko dituzte aurrerantzean.
«Ikaragarria da Beasainen hiru lasterketatan ia 1.200 korrikalari elkartzea»
Mikel Valdivielso (Ehunmiliak)
Beasaingo Arrastaka mendi elkarteak zazpigarren aldiz antolatu ditu Ehunmiliak probako lasterketak: 168 kilometroko Ehunmiliak ultratraila, 88 kilometroko Goierriko Bi Handiak, eta 42 kilometroko Marimurumendi maratoia. Uztailaren 8tik 10era, 1.114 korrikalari bilduko dira Beasainera. Antolaketan dabil Mikel Valdivielso (Beasain, 1977).
Inoiz baino korrikalari gehiagok parte hartuko dute aurten.
Bai, aurten marka hautsi dugu lasterketa guztietan. Egia da iaz G2Hak ere bete egin genuela; 500 laguneko muga dago. Maratoia ez genuen bete, baina lehenengo aldia izanda ez zen harritzekoa. Jendearen konfiantza behar genuen, eta aurten maratoia ere bete egin da. Bietan itxaron zerrenda egon da. Ehunmilietan ere marka dugu: 364 korrikalarik eman dute izena. Zifra oso onak dira. Ikaragarria da Beasainen ia 1.200 korrikalari elkartzea.
Nongo korrikalariak datoz?
Aurten ere munduko hamar herrialdetako jendea etorriko da: japoniarrak, txinatarrak, estatubatuarrak, suediarrak… Sei-zortzi poloniar datoz aurten. Nork esan behar zuen Ehunmilietara poloniarrak etorriko zirenik! Gure izena zabaldu dugu, bai Europan eta baita mundu mailan ere.
Segurtasunari begira, korrikalari bakoitzari mediku ziurtagiria eskatu diozue.
Ehunmilietan egiten dugun ahaleginik handiena, lasterketari begira, segurtasuna izaten da. Segurtasuna oso zabala da, ibilbidea ondo markatzetik hasita. Markaketa on batek segurtasun arazo handiak ekidin ditzake. Korrikalariei mediku ziurtagiria eskatuta, behartuta daude mediku batengana joan eta gutxieneko azterketa bat egitera. Bestela, jendea oso erraz apuntatzen da, jakin gabe nora doan. Aurten ahalegin handia egin dugu larrialdietako medikuak ekartzen.
Boluntarioak beharrezko dituzue antolaketarako…
Bai, gure altxorra dira. Aurten ere 1.500 bat beharko ditugu. Babesle bat etor daiteke mahai gainean milioi bat euro jarrita, baina boluntariorik edukiko ez bagenu, ez ginateke inora joango. Adin eta sentsibilitate desberdinetako jendea aritzen da lanean; boluntarioak harro sentitzen dira Ehunmilietan boluntario izateagatik. Bizikidetzako ekintza garrantzitsua izatea da. Harro sentitzeak ez dauka preziorik. Orain dela hamar urte elkarri aurpegira begiratzen ez zion jendea elkarrekin garagardo bat hartzen ikustea handia da.
Ekonomikoki ere garrantzia dauka herriarentzat.
Baietz uste dugu. Neurketak egin dira, eta eragin ekonomiko garrantzitsua du Beasainen. Baina ez Beasainen bakarrik, Ehunmiliak pasatzen diren herrietatik ere hori esaten digute. Urretxuko Santa Barbaran, Zumarragako Antion, Larraitzen… oso ondo lan egiten dutela esaten digute. Azpeitian ere izugarrizko giroa egoten da kalean. Hotelak ere beteta egoten dira, tokia bilatzeko arazoa edukitzen dugu. Goierriz gain, sanferminak izaten dira garai horretan; eta kostaldea ere beteta egoten da.
Babesleak ere beharrezkoak izango dira.
Bai, asko sufritzen dugu ekonomikoki. Gu, zorionez, gai izan gara azken zazpi urteetan babesleen kartel bera mantentzeko. Horrek zerbait esan nahi du gure alde eta babesleen alde; garrantzitsua da konfiantza hori berritzea.