Esleipenerako pleguak datorren astean argitaratuko dituzte. Udalekuak ere antolatu nahi dituzte. Gaztelekuaren zerbitzua «eten egingo» dute «momentuz».

Datorren ikasturtetik aurrera, 5 eta 12 urteko haurrei zuzendutako Txelotxe eta Berritsu ludotekak, euskararen erabilera eta kalitatea bultzatzeko gune izatea nahi du Beasaingo Udalak. Datorren astean argitaratuko diren baldintza pleguen irizpide nagusia hori izango da. «Beste buelta bat eman nahi diegu ludotekei. Gaur egun aisiari garrantzia handiagoa ematen zaio euskarari baino; baina aisiak bitarteko izan behar du, hizkuntzak helburua», dio Aitor Aldasoro alkateak.
Datu kuantitatiboetan ere oinarritu da udala, erabaki hori hartzeko. Batetik, erabiltzaileen kopuruak «ez dute justifikatzen» ludotekak martxan egotea. Berritsu ludotekan, 9 eta 12 urte bitarteko zerbitzua 3 pertsonek erabiltzen dutela dio, eta 5-8 urtekoa 13 haurrek. Gipuzkoako gainerako herrietako erabiltzaile datuak ere konparatu dituzte, eta Beasaingo kasuan kopuruak txikiagoak direla dio.
Bestetik, Beasainen eskolaz kanpoko jardueretan dabilen haur kopurua ere neurtu dute: «5-12 urte arteko 1.334 gazte ditugu Beasainen. Dantza, saskibaloia, futbola, musika eskola, pintura, kenpoa… ditugu besteak beste, eta ekintza horietan 1.520 haur dabiltza».
Horrekin batera, orain arteko ludoteka zerbitzua 100.000 euro kostatzen dela zehaztu du. «Diru publikoa da eta etekina atera behar zaio, eta ludotekak dohainik izanda, ez da jenderik joaten». Urtean 63 euroko kuota ordaintzen dute erabiltzaileek. «Datu kuantitatibo horiek balantzan jarrita, hizkuntzak justifikatzen du ludoteka, baina aisiak ez».
Ikastetxeei ere aurkeztu diete asmoa. Ikastetxeek bideratuko dituzte ikasleak ludoteketara. «Ikastetxeek erakutsiko diete bidea. Ikastetxeek bidalitako haurrekin betetzen badugu nahikoa da». Haurren asistentzia neurtuko dute. Aldasorok aurreratu duenez, oraindik erabakia hartu gabe daukate ludoteka itxia edo irekia izango den.
Bi ludotekekin batera, udan udalekuak antolatzea ere jasoko du esleipenak. «Kasu honetan ere hizkuntza izango da helburu eta udalekuak ikastetxeekin batera landu beharko dira».
Gaztelekua, «eten»
Bestetik, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzendutako Gaztelekua «eten» egingo dute momentuz: «Gaztelekuaren erabileraz azterketa egingo dugu ludotekarekin egingo dugun bezala». Gaztelekua ere hizkuntzaren errefortzurako tresnatzat ireki zutela gogoratu du Aldasorok, baina gaur egun helburu hura ez duela betetzen uste du: «2007-2011 legealdian Ongizatetik bideratutako kale hezitzaileak Gaztelekura joaten hasi ziren integrazioa bermatzeko. Erabaki hori hartu genuen, hizkuntzak jasoko zuen egurra kontuan hartu gabe, baina denboran ikusi dugu, hizkuntza bakarrik ez, erabiltzaile kopurua ere jaitsi egin dela». Orain, Kale Hezitzaileen programakoei Urbi Etxean utziko diete lokal bat.
Azkenik, begirale eskola antolatzeko asmoa ere badutela aurreratu du Aldasorok.
Aisi Hezi aisialdi elkarteak kudeatu ditu 2010etik
Aisi Hezi asialdi elkarteak 2010etik izan du Txelotxe eta Berritsu ludotekak eta Eizu Gaztelekua kudeatzeko ardura. Bertako kideek adierazi dutenez, Gipuzkoako hainbat ludoteketekin batera, Gaztematika proiektuaren barruan daude: «Ludoteken eta gaztelekuen norabidea markatzen du Gaztematikak. Euskara da ludotekako hizkuntza baina gaur egun ludoteken ikuspegia euskara baino zabalagoa da. Haurrak behar askorekin etortzen dira; euskara behar bat da, baina beste behar asko daude. Beraz, kezkatuta gaude, badirudi orain euskara errefortzu gune bat izatera mugatu behar garela». Haurrek «libre jolasteko» aukerarik ez dutela gaineratu dute: «Aisia ez da ingeleseko partikularrera edo musika eskolara joatea». Aisi Hezikoek emandako datuen arabera, Berritsun 63 haur egon dira matrikulatuta eta Txelotxen 30. Ekainaren 30ean bukatuko zaie kontratua eta oraindik ez dakite beraien etorkizuna zein izango den: «Ez dakigu oraindik lehiaketara aurkezteko aukera izango dugun ere. Horrezaz gain, langileekin erantzukizunak ditugu».