'Ekimena' programa enpleguaren alde
Ordiziako Udalak datozen hilabeteetan enpleguaren sustapena eta ekonomiaren garapenerako lehenengo plana garatuko du. Hori dela eta, udaletxeko Areto Nagusian aurkeztu da Ekimena programa. Bertan izan dira Iñaki Dubreuil, PSE-EEren zinegotzia, Jose Miguel Santamaria, alkatea eta Javier Elizetxea, Saregintza elkarteko ordezkaria.Plana, gaur egungo Udal Gobernuaren oinarrietako bat da. Foro batek udalerrian enplegua eta ekonomia sustatzeko ekintza guztiak koordinatuko ditu, Ordiziako azokaren zabalpen estrategikoan ahalegin berezia eginez.
Ekimena: enplegua helburu
Programa aurkeztu eta segituan jarriko dute Ekimena enplegu eta ekintzailetza faktoria. Helburua, gutxienez parte-hartzaileen %80arentzako enplegua topatzea da. Horretarako pertsona hauen enplegagarritasuna hobetuko da baliabide pertsonaletan entrenatuz eta lan merkatuan eskatuko dizkieten konpetentziak sendotuz. Horrekin batera, Ekimenako talde teknikoak, gizarte eragina duten negozio ideiak identifikatu eta ebaluatzen ditu eta talde sustatzaileak martxan jartzea ahalbidetzen du, enpresetan bisitak eta hitzorduak finkatuz.
Hautatuak diren 20 pertsonek formakuntza eta laguntza proiektu espezializatu batean hartuko dute parte sei hilabetetan zehar. Enplegu eskatzaile diren 22 eta 45 urte bitarteko ordiziarrentzako da. Izen emateko epea zabalik dago uztailaren 8rarte. Udaletxeko herritarren arreta bulegoan eman behar da izena edota komunikazioa@ordizia.eus e-postan izen-emate orria eskatu.
Langabetuentzat irteera
Udal planak baditu beste ekimen batzuk ere. Batetik, aldi baterako langabetuak kontratatuko ditu udalak, lan-poltsa berrituko du, prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonei formakuntza okupazionala eskainiko die eta ikasketak osatu behar dituzten ordiziarrei praktika programa bat eskainiko zaie.
Azkenik Beasain eta Ordiziako udalek bi udalerrietako langabetuentzako Ekoizpena eraikuntza metalikoetan eta saiakuntza ez-suntsitzaileak ikastaroa eskaintzen du. Eskaera egiteko Goierri eskolan.