Lehertu da festa Seguran
Zopa pertzaren jaitsierarekin hasi dira San Joan festak Seguran. Elizako zortzietako kanpai doinuekin batera, kanpandorretik Txanbolinpera arteko bidea hasi du zopa pertzak. Pilota eskolako pilotariak eta arduradunak jaso dute pertza eta ondoren pregoia irakurri du pilota eskolako neska bakarrak, Sara Izagirrek.
Ondoren, bigarren mailako ikasleek fideoak bota dituzte Txanbolinpeko balkoitik behera. Salda eta txorizo pintxoak, eta Josu disko jartzailearen musika lagun, lau eguneko festa giroan murgildu dira segurarrak.