Sozioekonomia hizketagai
Garen elkarteak Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan izango diren bost alderditako ordezkariak elkartu ditu Goierri Eskolan, ekonomia ardatz hartuta eztabaidan aritzeko
«Enpresak sortu eta indartuko dituzten azpiegiturak proposatzen ditugu» Iñigo Barandiaran (EAJ) «Erabakitzea nahiko genuke eta marko propioa sortzeko aukera» Oihane Zabaleta (EH Bildu) «Behar baino energia gehiago dugu kontratatuta. Gastu handiegia da» Alberto Velasco (Elkarrekin-Ahal dugu) «AHTa ez da luxu bat, behar bat baizik. Egin egingo da lehenago edo beranduago» Lucio Hernando (PSE-EE) «Zergak jaisteko intentzioa dugu, sozietateen gaineko zerga, hain zuzen ere» Ramon Gomez (PP)Enpresak programetan Xabier Oleagak ireki zuen mahaingurua bost hautagaiei egindako galderarekin: Hauteskundeetara begira zuen programetan ba al dago euskal enpresei eragiten dien zerbait? Alderdi Popularreko Ramon Gomez izan da erantzuten lehena. «Ekonomiaz hitz egiterakoan herritarren inguruan hitz egiten ari gara, pertsonen bizitzaren inguruan. Orain arte oso gaizki pasatzen aritu dira pertsonak, eta badirudi poliki-poliki egoera aurrera egiten ari dela» adierazi zuen. Ekonomia enpresa handiek soilik ez dutela osatzen azpimarratu zuen, «ekintzaile, autonomo, pymeak eta bestelako txikiak ere ezin ditugu ahaztu». Zergen inguruan ere aritu zen Gomez. «Alderdi Popularrak zergak jaitsiko ditu, sozietateen gaineko zerga hain zuen». EAEn Espainiako bataz bestekoaren gainetik dago eta «hori ez da posible». Erantzuten bigarren, Lucio Hernando izan zen PSE-EEren ordezkaria. «Galtzerdiari buelta eman eta indar erabakigarria izatea espero dugu», adierazi zuen. Programaren barruan daramaten gaien artean autonomoei lagundu behar zaiela, eta kotizazio aldagarria proposatu zuen. PSE-EEren ordezkaria ere zergen inguruan aritu zen besteak beste: «Ez dakit zergak igo edo jaitsiko ditugun, baina zergen diru bilketak gora egin beharra du», gehitu zuen Hernandok. Berankorren aurrean ere neurriak hartuko dituztela erantsi zuen. «Abiadura handiko trena ez da luxu bat, beharrezko zerbait da. Lehenago edo beranduago baina egin, egingo da». Xabier Oleagak botatako galderaren inguruan EH Bilduko ordezkariak, Oihane Zabaletak, honakoa nabarmendu zuen: «Guk, euskaldunok erabaki ahal izatea nahiko genuke». Gobernuaren austeritate politika «guztien kontra» daude. «Neurri horiek bertan behera utzi behar direla uste dugu, eta guk geureak proposatzeko intentzioa dugu» nabarmendu zuen. «Pentsio sistema propioa izan, gure finantza sistema… gure egoera ikusita, Euskadiko enpresa ehunaren produktibitatea Espainiakoa baino %35 handiagoa da, aberastasuna sortzeko kapazidadea dugu» gehitu zuen Zabaletak. Lan erreformaren inguruan ere aritu zen EH Bilduren ordezkaria: «Gizartearen pobretzea baino ez du ekarri lan erreformak, ez Espainian bakarrik, baita Euskal Herrian ere». Alberto Velascok, Ahal dugu-Podemoseko ordezkariak, EAEk «zerga-sistema berria behar» duela esan zuen. «Gehien irabazten duenak, gehiago ordaintzen duen sistema hain zuzen». Produktibitatearen eta energia modeloaren inguruan «modelo berriak behar» direla adierazi zuen Velascok, energiari dagokionez batez ere. «Espainiak Alemaniak baino %30 energia gehiago du kontratatuta» azpimarratu zuen. «Datu horiek ez dira posible. Kontratatutako energiaren %75 soberan dugu. Energia galtzen ari gara, garesti ateratzen zaigu eta kutsadura maila altuak sortzen ditu horrek», gehitu zuen Velascok. EAJren ordezkari Iñigo Barandiaranen esanetan, jeltzaileek «bi gauza eskaintzen» dizkiote euskal enpresari: «Batetik, enpresarien figura eta prestigioa berreskuratzea, eta bestetik, enpresak sortu, funtzionatu eta mantentzeko baldintza egokiak sortzea». Barandiaranen arabera, horrek suposatzen du «inbertsio pribatuen beharra dagoela». Azpiegituren inguruan ere aritu zen EAJren hautagaia: «Mota guztietako azpiegiturak proposatzen ditugu. Baina batez ere enpresak sortu eta indartzera eramango dituzten azpiegituretan jarriko dugu indarra». Langileriaz ez zen ahaztu, eta horiek ahotsa enpresa barruan indartu nahi dutela nabarmendu zuen. Kazetarien galderen ondoren, Oleagak konpromiso bat hartzeko eskatu zien bost alderdietako ordezkariei.