Iban Lage: «Inguruan izan ditudan pertsonei esker, beraien etika, heziketa edo ez dakit ziur zer, beren pertsonalitateek ni askeago izatea ahalbidetu dute»
«Lehenedabiziz nire burua aurkeztuko dut: Iban Lage naiz, 1991n jaiotako Ormaiztegiko gazte bat. Nahiko gaztedanik jakin izan dut mutilak nituela gogoko, neskak ...
«Lehenedabiziz nire burua aurkeztuko dut: Iban Lage naiz, 1991n jaiotako Ormaiztegiko gazte bat. Nahiko gaztedanik jakin izan dut mutilak nituela gogoko, neskak gogoko nituen ziur jakin gabe. Izan ere, goiz maintemindu nintzen nik jakin ere egin gabe zer gertatzen ari zen, eta urte asko pasa nituen maitemindurik. Bi sexuekiko erakarpena sentitu izan dut, baina bietako batengatik bakarrik izan dut fisikoa. Egoera horretan eta nire etika izanik, eznuen inoiz neska batekin erlazio bat izateko ideia burutu nire homosexual egoera ezkutatzeko. Ez neukan esateko gogorik mutilak gogoko nituela, baina ezta ere gezurretan eta faltsukerietan ibiltzeko jendea engainatuz. Banekien egunen batean norbaitek galdetuz gero, egia esango nuela, homosexuala nintzela.
Ditudan lagunei eta familiari esker, beraien laguntza izan dut beraiek jakin ere egin gabe. Nire inguruan izan ditudan pertsonei esker, beraien etika, heziketa edo ez dakit ziur zer, beren pertsonalitateek ni askeago eta NI gehiago izatea ahalbideratu dute. Aspektu hau jendeak jakiteko beldurrak uxatuz eta niregan adore gehiago izan dezadan, pertsona hauek behar- beharrezkoak izan ditut, funtsezkoak.
Honela, 18 urte beterik, Beasaingo jaietan, nire bi lagunek, Ivanek eta Jonek, lehenengoz egin zidaten galdera: Iban, a ti las chicas… te gustan? (jajajajajaja, gaur egun pentsatu eta izugarrizko grazia egiten dit, galdera hura formulatu zen momentuak). Noski, nik ez nuen espero momentu horretan gertatu behar zenik lehenengoz, benetan momentu bitxia baitzen, goizeko 6ak 7ak inguruan. Berehala erantzun nuen ezetz, ez nituela gogoko. Eta berehala hasi ziren galderak, mutilen inguruan. Espero baino erosoago sentitu nintzen galderei erantzuten, eta batez ere erretxazurik ez ikustean eta halako interesa beraiengan ikustean.
Egun hartatik aurrera berdin jokatu izan dut, batzuetan ere nik pausoa emanik ere gertukoenekin. Azkenak jakiten nire gurasoak eta familia izan ziren. Zatirik gogorrena izan zen, benetako beldurra ematen zidana. Aurretik jakin izan banu, ez nuen hainbeste zalantza eta beldur izango. Beti besteen babesa izan dut, eta inoiz ez dut erretxazurik jaso.
Goierriko Zubia
Betidanik ikusi izan dut bai leku batean edo bestean horrelako kolektiboei babesa eta sostengua ematen dien taldeen beharra. Kasu honetan, Goierrik hutsune hori zuen eta gure taldekide batzuei esker, hutsune hori betetzeko bultzada sortu zen.
Taldean dudan laguna, eta bultzada hau eman duen pertsona horietako batek, Anderrek, taldea sortu zutela eta aurkeztera zihozeela esan zidan. Nik, berriz, ahal nuenarekin lagunduko niela esan nion, batez ere sare sozialetan presentzia pixka bat sortzen, izan ere doakoa da, eta persona askotara ailegatzen zelako.
Hala, Goierriko Zubia aurkeztu zen egunean, bertara joan nintzen kuadrillako batzuekin gure elkartasuna eta laguntza ematera. Honela taldekoei nire laguntza eskaini nien, sare sozialetan eta beste arloetan laguntzeko, eta ordu gutxi batzuk geroago whatsappeko taldean sartu ninduten (jajajaja nire proposamena laguntza besterik ez zen eta taldekide egin ninduten). Modu pasiboan sartu nintzela esan dezakegu, baina asko gustatu zitzaidan ideia, horrelako talde batean parte izatearen ideia, eta babesa behar duten pertsonei laguntza eskaintzea. Taldekide naizen lehenengo egunetik eta ahal dudan oro, parte hartzen eta laguntzen dihardut.
Gaur egun honelako taldeak beharrezkoak dira, egun gutxi batzuk atzera jota ikusi ahal izan genuen Amerikako Estatu Batuetan, honelako kolektiboek mehatxuak eta bortizkeriak jasaten dituztela. Nahiz eta munduko puntu ezberdinetan honelako kolektiboen egoera hobea izan, pertsonek ez jakintasun egoeratan oso gazki pasatzen dute, arbuiatua izateagatik, beldurragatik.
Mundu honetako pertsonek sexualitatearekiko eta identitate sexualekiko beldurrak eta fobiak ezabatu artean, Goierriko Zubia bezalako elkartasun taldeen beharra izango da. Honegatik naiz eta izango naiz taldekide».