‘Arriantxo’ sasi-medikua
Legazpiko Zabaleta baserriko Jose Frantzisko Arsuaga (Legazpi, 1821-1909), ‘Arriantxo’ ezizenez ezagunagoa, sasi-medikua famatua izan zen bere garaian. Gaixotasunak antzemateaz gain, sendagaiak ere ...
Legazpiko Zabaleta baserriko Jose Frantzisko Arsuaga (Legazpi, 1821-1909), ‘Arriantxo’ ezizenez ezagunagoa, sasi-medikua famatua izan zen bere garaian. Gaixotasunak antzemateaz gain, sendagaiak ere berak prestatzen zituen.
Iaz Arriarango San Pedro jaietan, Arriantxo pertsonaia berreskuratu zuten auzoko festen ikur. Arriantxo, egiazko pertsona zen, Jose Frantzisko Arsuaga, hain zuzen ere. Arriarango Ola baserritik Legazpiko Zabaleta baserrira joandako Jose Domingoren semea. Hantxe bizi dira oraindik Arsuagatarrak. Arriantxoren birbilobak Inazio Arsuagak eta Rosa Aizpeolea emazteak Arriantxori buruz etxean entzundakoak kontatu dizkiote GoiBerri-ri.
1821. urtean jaio zen Arriantxo eta 88 urterekin hil zen 1909an. «Zazpi urterako morroi joan zen Legazpiko Hegialde auzora eta 14 urterako, ganaduaren gaitzak antzematen omen zituen. Berezkoa izango zuen», dio Arsuagak. Legazpiko Botika Zaharrean ere ikasten aritutakoa dela dio, bertakoa baitzuen laguna. Animaliak eta pertsonak sendatzen aritzen zen, zaldi zuriaren gainean. Hori bai, «inori ez zion kobratzen. Borondatea eskatzen zuen».
Oraindik etxean gordeta dauzkate Arriantxok erabiltzen zituen hainbat medikuntza tresna. Baita XVI. mendean argitaratutako larruzko azala duen sendabelarren liburu bat ere; Salamancan aurkitua dute kopia berdina. «Harritu egiten naiz liburu horretatik nola ateratzen zuen informazioa. Ulertzea ere!», dio Arsuagak. Izan ere, gaixotasunak antzemateaz gain, sendagaiak ere berak prestatzen zituen.
Arriantxoren fama laster zabaldu zen eta etxera gaixoak joaten zitzaizkion. «Gaixoak etxera etortzen ziren eta batzuk bertan gelditzen ziren sendatzen», gogoratu dute.
Brinkola eta Zegama arteko Tunel handia egiten aritu zen ingeniaria ingelesaren alaba ere sendatu zuen. «17 urteko alaba zuen eta hilerokoaren arazoekin ibiltzen zen. Sendatu egin zuen, eta ohea eta komoda bat oparitu zizkion aitak alaba sendatu zuelako. Hatz botika egiten ere erakutsi zion: «Sarna esaten diote orain».
Hezur baten faltan
Oñatira ere asko joaten zen Arriantxo. Behin, Oñatiko mediku batek salaketa jarri zion egiten zuen lana legez kanpokoa zelakoan. Salaketa kentzeko erronka jarri zion Oñatiko medikuak: «Eskeletoa osorik muntatuz gero, salaketa kendu egingo ziola». Arriantxok honela erantzun omen zion: «Nola nahi duzu muntatzea hankako hezur bat falta bada!». Salaketa barkatuta iritsi zen etxera.
Jarraitzailerik ez
Belaunaldiz belaunaldi Zabaleta baserrian jaso duten istorioen arabera, Arriantxok ez zuen jarraitzailerik izan. «Inazioren amak egiten zuen zerbait. Lapikotxo, hatz botika eta errearentzako ukendua, eta estomagoko nerbioentzat ere egiten zuen aspaldi…. Etxean ere hartzen zituen gaixoak», azaldu du Rosa Aizpeoleak.