Uztailetik abendura zortzi kontzertu eta hitzaldi bat programatu dituzte. Uztaileko eta abuztuko saioak aire librean izango dira. Orain arteko ekitaldiek harrera ona izan dute.
Beasaingo Udalak antolatutako Igartza Musika zikloaren bigarren seihilekoaren egitaraua aurkeztu dute Musika Eskolako Xabier Sarasolak eta Arantxa Gastesik eta Aitor Aldasoro alkateak. Orain arteko kontzertuek jendearen artean harrera ona izan dutela eta herriko musika komunitatean ilusioa sortu dutela nabarmendu dute.
Uztailean bi kontzertu antolatu dituzte. Lehenengoa, datorren ostegunean, hilaren 7an, pintxo pote garaian izango da eta Zubimuzu plazara eramango dute musika eta
Txaston Dixie Band taldeak kaleko jazz musika eskainiko du.
Bigarrena ere ostegunean izango da, hilaren 14an, Igartza inguruan.
Paddam bikoteak, Iñaki Miguel piano jotzaileak eta Estefania S. Wulfen ahotsak Edith Piaf omenduko dute.
Abuztuan azkenik, hilaren 4an,
Deakin Hicks taldea Eneko Dorronsoro ataundar trikitilariaren kolaborazioraekin ariko da, Igartza inguruan.
Iraileko ekitaldiak, musika eta dantza uztartuko ditu.
Garden Alos Quarte taldea Xabier Zeberio (nyckelharpa, biolina), Francisco Herrero (biolina), Lorena Nuñez (biola) eta Pello Ramirez goierritarrak (celloa) osatzen dute.
Aukeran dantza taldearekin batera osatuko du ikuskizuna. Usurbe Antzokian izango da, eta kasu honetan, sarrera ordaindu beharko dela aurreratu dute.
Urrian abesbatzekin lotutako bi saio izango dira: 12an,
Loinatz abesbatzak 30. urteurreneko disko aurkeztuko du eta 27an, Tolosako abesbatza lehiaketako Indonesiako Batavia Madrigal Singer taldeak abestuko du Igartzan.
Azaroan, historiako lehen euskal opera
Mozkorra parregarri ikusteko aukera izango da azaroaren 12an Usurbe Antzokian. Aurreko egunean, Lemniskata elkarteak antolatuta, hitzaldia izango da Igartzan gai horrekin lotuta.
Abenduan, 18an, azkenik,
Narama eta Loinatz abesbatzen kontzertua izango da.