50 urte danborra jotzen
Zumarragako danborrada jaietako ekitaldi nagusietako bat da. Aurten, ekitaldi horrek 50 urte bete ditu.
Haurren eta helduen danborradak Zumarragako jaietako ekitaldi nagusien artean ...
Zumarragako danborrada jaietako ekitaldi nagusietako bat da. Aurten, ekitaldi horrek 50 urte bete ditu.
Haurren eta helduen danborradak Zumarragako jaietako ekitaldi nagusien artean daude. Santa Isabel eguna bakarrik dago beraien gainetik rankinean. Izan ere, ekitaldi jendetsuenetakoak dira. Gainera, helduen danborradak ematen die hasiera ofiziala jaiei. Eta Zumarragako ereserkia (hori bai ereserkia, Olinpiar Jokoetan aurkezteko modukoa!) danborradan estreinatu zen. Aurtengo danborradak oso bereziak izango dira, 50 urte beteko baitituzte.
Zumarragako danborrada elizarekin lotura zuen Oargui elkartearen eskutik sortu zen. Haurren danborrada 1962an antolatu zen lehenengoz, baina lau urte pasatu ziren berriro egin zen arte. Ordutik, bi danborradak etenik gabe antolatu dituzte. Egun, La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasle ohien elkarteak antolatzen ditu.
Danborradei buruz hitz egiteko, Josean Mendizabalekin elkartu da GoiBerri. Barru-barrutik bizi ditu biak: antolatzaileetako bat da eta helduen danborrada zuzentzen du.
40 urte inguru daramatza danborradan. «Duela 42 urte udalarentzat lanean hasi nintzen, elektrikari moduan. Garai hartan danborrada Jesus Mari Gonzalez de Audikanak zuzentzen zuen eta musika jartzeko eskatu zidan. Hortik jotzera pasa nintzen eta ondoren zuzentzera. Ia 40 urte daramatzat zuzendari lanean».
Horretaz gain, haurren danborradaren antolaketan lan egiten du. «Horretan ere duela 40 urte hasi nintzen. Zinegotzia Carlos Adrian zela gogoratzen dut».
Mendizabal Zumarragako kiroldegiko zuzendaria da, baina danborradarekin duen loturagatik ezagunagoa da ia. «Danborradak nire bizitzaren zati handi bat hartzen du. Gainera, emazteak eta semeak ere antolaketan lan egiten dute. Semea haurren danborradako zuzendaria izan da eta aurten helduenean parte hartuko du».
Antolaketa lana ez dela gogorra, baina luze jotzen duela dio. «Arropa garbitu behar da, eroritako botoiak josi, danborrak eta barrikak garbitu, entseatu, bilerak egin… Hiru hilabete ematen ditugu lanean».
Lan taldea hamabi bat lagunek osatzen dute eta danborraden egunetan bizilagun gehiagoren laguntza jasotzen dute. «Ardura lau familiaren esku dago: Andueza, Villar, Del Barrio eta Mendizabal familiak. Zumarragako danborraden etorkizuna ziurtatuta dago, Jose Manuel Villarri esker».
Etorkizuna esku honetan dagoela ikusirik, 50. urteurreneko danborradak lasaitasun osoz antolatu ahal izan dituzte. Haurrena joan zen larunbatean izan zen eta helduena gaur gauean izango da. Urteurren ospakizun nagusiak azken honetan egingo dituzte.
Abesti berri bat
Hasteko, abesti bat estreinatuko dute: Luis Orduña bandako zuzendariak konposatu du. Euskarazko hitza Andoni Salamerorena da eta gaztelerazkoa Orduña berarena. Kantaren oinarria ezpata dantzaren bi pasarte dira.
Aurtengo elkarteen danborradara beste herrietakoak gonbidatu dituzte: Ordizia, Legazpi, Eibar eta Azpeitia. Lerro hauek idazterakoan, Donostiako danbor-jotzaileak etorriko diren ala ez baieztatu gabe dago. Etortzekotan tradizio handiko Donostiako bi konpainia etorriko dira: Gaztelubide eta Union Artesana. Bi konpainia hauek oso ezagunak dira. Danborradaren 50. urteurrenaren harira, antolatzaileek aurreratu dute sorpresa bat egongo dela gaur 19:00etan.
Eitzagako konpainia
Beraz, 50. urteurreneko ekitaldia inoizko jendetsuena izango da. Gainera, konpainia berri bat irtengo da: Eitzaga auzokoa. «50 lagun elkartu dira eta gogo handiarekin ekin diote, gainera. Ia egunero etorri dira entseguetara».
Konpainia berri bat sortzen den bakoitzean, poz handia sentitzen dute. «Dagoeneko, 500 bat lagunek parte hartzen dugu urtero elkarteen danborradan. Haurrenean, berriz, 900 bat irteten dira. Duela urte batzuk 1.200 haur inguru irteten ziren, baina azken urteetan haur gutxiago jaio da», azaldu du Mendizabalek.
Ikastetxe bakoitzak konpainia bat du eta gainontzeko konpainietan ikastetxe ezberdinetako haurrek elkarrekin jotzen dute.
Haurren danborrada joan zen astean izan zen. Urteurrena ospatzeko, karroza bat atera zuten eta antolatzaileak omendu zituzten.
Mendizabalek bi danborradetan berdin gozatzen duela dio. «Egia esan, haurren danborradaz harroago nago. Baina helduen danborradan Zumarragako Martxa jotzen dutenean zuzendari lana egitea oso hunkigarria da. Ez dakit Donostiako Konstituzio plazako danborrada zuzentzen duena nola sentitzen den, baina nekez hunkituko da ni Zumarragan baino gehiago».
Urtero hunkitzen da, baina batzuetan besteetan baino gehiago. Urte hunkigarriena Gonzalez de Audikana omendu zutena izan zen. «Bera izan zen danborradan sartu ninduena eta, normala den bezala, bere omenaldian asko hunkitu nintzen».
Hunkipena ez ezik, barrea ere piztu dio batzuetan danborradak. «Beti anekdota bera gogoratzen dut. Sukaldarien barrikak pisutsu samarra dira eta beti larruzko gerriko bati lotzeko esaten diet. Baina batzuek ez didate kasurik egiten eta soka batekin lotzen dute. Urte batean parte hartzaile bati barrika Saskigileen Aldapan askatu zitzaion eta korrika hasi behar izan zen, barrikaren atzetik».
Saskigileen Aldapan eta Zumarragako gainontzeko kaleetan ez ezik, Zumarragatik kanpo ere jo dute: Azpeitia, Durango, Gallarta eta Fuengirolan, hain zuzen ere.
Etorkizunari begira, beraien helburua pieza berriak jotzea da. Aipatu bezala, aurten bandako zuzendariak konposatutako pieza bat estreinatuko dute. Zumarragako ereserkia ere danborradarako egin zuten eta arrakasta handia eduki zuen. Zumarragarrek bere-berea dute. Musika Jesus Gonzalez Bastida bandako zuzendariak konposatu zuen eta hitzak Lucio Gabiriak idatzi zituen. «Oso ereserki ederra da, baina jotzeko oso zaila».
Erakusketa
Ereserki hau gaur gaueko danborradaren amaieran joko dute. Eta Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian ere entzun daiteke. Izan ere, bertan bi danborradei buruzko erakusketa jarri dute, urteurrena dela eta. Urte hauetan guztietan ateratako 300 bat argazki eta maniki batzuk jarri dituzte, danborradako jantzi esanguratsuenekin. Gainera, pantaila batean azken urteetan ateratako argazkiak ikus daitezke, musika eta guzti.