Olaberriko igerileku publikoa ireki dute
Gaur goizeko 11:30ean zabaldu ditu ateak Olaberriko igerileku publiko berriak. Ihurre auzoan kokatua dago, iaz arte Arcelor Mittal enpresaren jabetzakoa izandako kirol instalazioetan. Urte askoan utzita egon dira, eta zerbitzua eman gabe. Auzoko urbanizazioak eta instalazioak jabetza publikora igaro direnean, udalak berritu egin du igerilekua.
Zeru lainotuarekin eta 18 graduko tenperatura bainurako ez oso atseginarekin, herritar apur batzuk inguratu dira 11:00etarako Ihurreko pistinetara. Herriko ludotekako haurrak, kasualitatez, gaur txangoan kanpora joanak dira, eta lehen uneko bisitari kopurua murriztu du horrek ere.
Bi putzu bereizi daude igerilekuan: haurrentzat sakonera txikikoa bat, eta jarraian helduena. Zelai zabala du alboan. Berrikuntza lanak oraindik ez dira erabat bukatu, eta frontoi aurreko zelaian belar-hazia bota berria da oraindik. Aldagelak, botikina eta igerilekuko bulegoa egokituta daude.
Egunero 11:30etik 19:30era egongo da irekita Ihurre igerilekua. Bainu denboraldia, berriz, gaurtik irailera arte da.