Idiazabal Gaztaren Kofradiak ohorezko kide izendatu du Iñigo Urkullu lehendakaria
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia 27. kapitulua ospatzen ari da gaur. Eguerdian udaletxeko areto nagusian egin duten ekitaldian, bi kofradia kide berri eta ohorezko lau kofrade izendatu dituzte, tartean Iñigo Urukullu lehendakaria. Ipar eta Hego Euskal Herriko, Frantziako, Espainiako eta Portugalgo kofradiek parte hartu dute ekitaldian.
Ordiziako Udalaren izenean, Jose Miguel Santamaria alkateak egin die ongietorria guztiei. Gaurkoa “egun berezia” dela azaldu du, kofradiaren “festa handia” ospatzeaz gain, “Ordizia lehen sektorearen bilgune” bihurtu delako beste behin. Hain zuzen ere, lehen sektorearen alde egiten duen lana eskertu dio alkateak Idiazabal Gaztaren Kofradiari, eta baita “Ordiziaren, Gipuzkoaren eta Euskadiren izena” zabaltzeko egiten dutena ere.
Idiazabal Gaztaren Kofradiak bi kide berri izendatu ditu gaurko ekitaldian: Daniel Inerarity pentsalari eta filosofo nafarra eta Jon Zarate Eusko Jaurlaritzako merkataritza zuzendaria. Horiez gain, Ohorezko Kofrade izendapena eskaini diete nekazaritzaren nahiz Ordiziako herriaren alde lan egin duten lau pertsona eta erakunderi.
Izendapena jasotzen lehena, Amelia Jauregi abeltzain eta gaztagile gabiriarra izan da. Baztarrika gaztandegian egindako lanaz gain, EHNEko kide eta EBEL emakume nekazarien elkarteko kide ere izana da; baita Artzai Gazta elkarteko lehendakaria ere. Jauregik, “baserritarra eta emakumea” den aldetik, “errekonozimendu honek asko balio” duela azaldu du, eta bereziki gogoan izan ditu EBEL elkartea eta berau osatzen duten emakumeak, “elkarte horri asko zor” diolako.
Mutiloan jaio eta Gabirian bizi bada ere, Ordiziarekin urte askotako lotura izan du Anttoni Murgiondok. Asteazkenero izaten da bertako azokan, eta bere postuan, etxean ereindako errezil sagarra eta barazkiak izaten ditu salgai. Ordiziakoaz gain, Legazpiko eta Zumarragako azoketan ere izaten da astero. Murgiondok ere hunkituta jaso du saria, eta batez ere familiari eman dizkio eskerrak, “urte hauetan guztietan azokatan ibiltzen lagundu” dutelako.
Hirugarren izendapena, pertsona bati ez, baizik eta erakunde bati eman nahi izan diote. Ordiziako Suhitzaile Boluntarioen Taldeak 147 urtez egindako lana eskertu nahi izan dute. Ordiziak herriguna erabat suntsitu zuten hainbat sute bizi izan dituela gogorarazi zuten, eta 1869an, orduko udal gobernuak suhiltzaile taldea onartzeko araudia onartu zuela. Harrezkero Ordizian ez ezik, Goierriko hainbat herritan egindako borondatezko lana goraipatu dute gaurko ekitaldian.
Aurtengo izendapenen artean arreta gehien bereganatu duena, ordea, Iñigo Urkullu Lehendakariarena izan da. Formazioz irakaslea, ia bizitza osoa politikari eta EAJ alderdiari lotuta egin ditu Alonsotegikoak. Hiru legealdi egin zituen legebiltzarkide moduan eta 2012tik Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria da. Urte horietan guztietan “lehen sektorearen alde egindako lana” eskertu nahi izan dio Ordiziako kofradiak. Ordizia lehen sektoreari estuki lotutako herria dela gogorarazi du, eta “500 urtez azoka mantendu ez ezik, gaurkotu eta garatu” egin dutela azpimarratu du. Hemendik aurrera ere, lehen sektorearen alde egiten jarraitzeko asmoa agertu du gainera, “gure herriaren nortasuna eta izaera” mantentzeko modua delako.
Ekitaldian, Portugalgo Cofradia do Queijo Serra da Estrella kofradiarekin senidetu da Ordiziako kofradia, eta Fecoba erakundeko kide ere izendatu dute, Juan Manuel Garmendiarekin sinatutako hitzarmenaren bidez.