«Oso berezia izango da zelaira elkarrekin salto egiteko momentu hori»
Datorren denboraldira begira, Ordizia Rugby Elkarteko lehenengo taldeak hainbat aldaketa izango ditu. Horietako bat Julen Goia Idiazabaldarra bost urteren ondoren etxera bueltatu ...
Datorren denboraldira begira, Ordizia Rugby Elkarteko lehenengo taldeak hainbat aldaketa izango ditu. Horietako bat Julen Goia Idiazabaldarra bost urteren ondoren etxera bueltatu dela da. Oier Goia ere, Julenen anaia gaztea, talde bereko jokalaria da eta lehenengo aldiz elkarrekin jokatuko dute.
Julen, azken urteotan, Biarritzen aritu da hiru urtez, eta Maulen beste urte bat egin du. Urte batzuen bueltan, etxera dator berriz ere. Errugbian anaiaren «erruz» hasi zela dio, eta datorren denboraldia ilusioz begiratzen diote, elkarrekin arituko direlako.
Bietako zein hasi zen aurrena errugbian jokatzen?
Oier Goia: Nahiz eta gazteagoa izan, ni hasi nintzen lehenago errugbian jokatzen. Anaiak, Julenek, garai hartan futbolean jokatzen zuen.
Julen Goia: Anaiak esan bezala, futbolean hasi nintzen ni. Idiazabalen hasi eta Realarekin ere egin nituen partida batzuk infantilekin. Futbola eta saskibaloia nituen beti buruan.
Nolatan hasi zineten errugbian?
J. G. : Aitarekin Trebijano zaharretik pasatzen nintzenean, Oier entrenatzen ikusten nuen, eta huraxe gustatu! Partidak ikustera ere joaten nintzen eta azkenean futbola utzi eta errugbian hasi nintzen neu ere.
O. G. : Beti izan naiz mutiko mugitua. Kontaktuko kirola dela ikusi eta probatu nuenean, gustatu eta segituan esan nuen, hau niretzako egina dago! Eta hasi nintzenetik, hortan jarraitzen dut.
Kirol honetan izan duzuen eboluzioa nolakoa izan da?
O. G. : Ordiziako Rugby Elkartearekin jokatu dut beti. Gaztetan hasi eta mailaz maila igotzen joan naiz OREko talde guztietatik pasaz. 15 urterekin selekzioarekin jokatu nuen lehenengo aldiz. 19 urtez azpikoarekin ere bi urtetan aritu naiz eta orain, absolutuan, eta anaiarekin gainera. Horrelako aukerak motibazio handia ematen dute.
Selekziotik deitzen dizutenean zer?
O.G.: Ez nuen sinesten. Selekzioan anaiarekin jokatzeko aukera… Denboraldi erdia eskumuturreko lesioarekin egon ondoren.
J.G.: Sekula elkarrekin jokatu gabe geunden, eta lehenengo aldia selekzioarekin. Nahiz eta zelaian ez genuen koinziditu lehenengo partidu hartan (Espainia-Argentina izan zen). Kolpe bat hartu eta zelaitik atera ninduten. Ondoren Oier sartu zuten zelaira.
Eta zuk Julen? Zein izan da zure eboluzioa?
J. G : Infantiletan hasi nintzen errugbian Ordiziako taldearekin. Maila guztiak pasa nituen nik ere. 17 urterekin iritsi nintzen lehenengo taldera, orain dela bost urte arte. Biarritzera joateko aukera sortu zitzaidan eta horri ezin nion ezetz esan.
Biarritz talde handia da…
J.G.: Bai, Frantziako lehenengo mailan dago. Nik errugbiaren unibertsitatea deitzen diot. Han ikasi baitut egun dakidan gehiena.
Entrenamendu mailari eta egunerokotasunari dagokionez zer suposatzen du horrelako talde batean egoteak?
J.G.: Lehenago bizitakoarekin ezin da konparatu. Ordizia talde amateurra dela esan daiteke. Oso gutxi bizi daitezke hemen errugbian jokatzegatik. Han %100 hortara dedikatzen dira. Goiz eta arratsalde entrenatzen dute, eta sesio ezberdinak egin dituzte; osasuna, entrenamendua, azken hauek taktikoak eta baita teknikoak ere, gimnasioa…Ez dago konparatzerik, ez diru aldetik, ezta prestaketa aldetik ere. Hemen lehenengo kirola futbola da, han berriz errugbia.
Ondoren Maulera joan zinen oker ez banago…
J.G.: Bai. Denboraldi bat pasa nuen Maulen. Han pixka bat ezberdina izan zen. Jokoa gogorragoa zen, zikinagoa esan daiteke, eta han ere asko ikasi nuen.
Bestalde, nik magisteritza ikasi nuen eta Maulera joateak errugbia eta irakaskuntza uztartzeko aukera eman zidan. Goizetan Seaska Ikastolan irakasle eta arratsaldeetan entrenatzera joaten nintzen. Esperientzia bezala, ezberdina, baina oso aberasgarria.
Eta hortik, etxera berriz…
J.G.: Oraindik ez gara hasi, orain dela gutxi bukatu dugu denboraldia. Oporrak iritsi dira eta haize pixka bat hartzea ere tokatzen da. Baina bai, datorren denboraldian Ordiziako taldearekin jokatuko dut eta oso pozik nago etxera bueltatzeagatik.
Etxean jokatzeak gauza berezia behar izan, edo?
J.G.: Biarritzen nengoenean, ia 16.000 pertsonen aurrean jokatu nuen. Jende aldetik gehiago bada ere, hemen sentituko dudanak ez du zer ikusirik. Hemengo goxotasuna ezberdina izango da. Zelai kuttunagoa da Ordiziakoa.
Eta bi anaiak lehenengo aldiz Ordiziako lehenengo taldean arituko zarete. Zein sentipen sortzen dizue horrek?
O.G.: Gogoz gaude hasteko. Anaia eta lehengusua talde berean izango ditut. Oso berezia izango da zelaira elkarrekin salto egiten dugun momentu hori. Etxekoak ere zoratzen daude.
Datorren denboraldira begira aldaketa dezente datozela dirudi ezta?
O.G. : Goitik behera aldatuko da taldea, bai zuzendaritza eta baita jokalari ugari ere. Bost sei bat taldetik irten eta beste batzuk etorriko dira, horien artean Julen bera.
J.G. : Ni neu naiz aldaketa horietako bat eta gogotsu begiratzen diot datorren denboraldiari. Gainontzeko fitxaketei dagokienez, bost edo sei izango dira eta pixkanaka ezagutzen joango gara.
Eta orain oporrak datozela, nola planteatzen dituzue?
J.G.: Udaran beste erritmo batean arituko gara baina entrenatzeari utzi gabe. Fisikoki geroz eta hobeto egon, zelaian ere asko nabari da.
O.G.: Ezin dugu urteko esfortzu guztia alde batera utzi. Entrenatzera etorriko gara, ondoren bestela, berriz ere hastea gogorra egiten da. Urtean zehar dugun presio hori izan gabe, baina lanean jarraituko dugu oporretan ere.