Aldundiak 150.000 euro jarri ditu Lazkaoko kiroldegia berritzeko obretan
Lazkaoko Barandiaran kiroldegian aldagela berriak eraikitzeko eta lehengoak berritzeko, nahiz beste kirol ekipamendu batzuk hobetzeko lanak bukatu dira. Aireztapena berritzeko sistema jartzea falta da soilik. Inbertsio horren erdia inguru Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, Kirol Instalazioak Zaharberriko 2014-16 planetik 150.000 euroko laguntza emanda. Gaur sinatu dute hitzarmena Denis Itxaso Kultura eta Kiroletako diputatuak eta Felix Urkola alkateak.
Kiroldegia ikusi dute Itxaso foru diputatuak eta Goizane Alvarez Kirol zuzendariak, alkateak, bi udal taldeetako zinegotziek eta udalaren kirol teknikariak lagunduta.
Bisita baliatuz, Urkolak barruko igerilekua berritzeko asmoa dutela aurreratu du, dirua lortutakoan. Eskaera egin dio aldundiari. Diputatuak agindu dio kiroldegiak handitzeko edo birgaitzeko diru laguntza lerroak aterako dituztela, «3-4 urtean». Lazkaokoa kontuan izango dutela esan du, «proiektu hau ez dugu begi txarrez ikusten».