Bigarren aldiz, emakumezko batek irabazi du bola tiraldi bat
Martxoaren 27an Legazpin gertatu bezala, Mutiloako San Pedro jaietako bola lehiaketa ere emakumezko batek irabazi du. Naiara Peñagarikano gabiriarra izan zen, atzo (uztailak 3, igandea) jaun eta jabe, Gurruntzain bolatokian. Parte hartu zuten bolarien gehien-gehienak gizonezkoak —eta adinean aurreratuak asko—, 16 urteko Peñagarikanok gain hartu zien guztiei. 36 birlako jokoa egin zuen bakarra izan zen, gainera. Sari nagusia berak etxeratu zuen. Bigarren Luis Aizpeolea zeraindarra izan zen (35), hirugarren Xepeiño Agirre segurarra (34), eta laugarren Felix Maiz gabiriarra (34).
Historian bigarren garaipena da, bola jokoan emakume batek lehiaketa bateko sari nagusia irabazi duena. Lehenego aldiz aurtengo martxoaren 27an gertatu zen, Legazpin. Orduan, Aitziber Makazaga zeraindarrak egin zuen balentria, Lehendakari txapelketako 4. jardunaldian.