Goiekik antolatutako XIX. Enpresa Ekimen Berrien lehiaketan proiektu onenaren saria jaso du Aitor Martinezen (Beasain, 1982) Fashion Ole Interneteko moda plataforma berritzaileak.
Familiako proiektua da Fashion Ole: Aitor eta Josu Martinez anaiena eta Ane Rodriguez, Aitorren bikotearena. Neskaren moda zaletasunak bultzatu dituzte on line proiektua sortzera.
Zer da Fashion Ole?
Merkataritza txikia sustatzen duen on line proiektua da. Web-a eta aplikazioak erabilita, herrietako eta hirietako merkataritza txikiari ahotsa ematen diona. Goierrin jaio da proiektua, nahiz eta estatu mailako komunitate bat izan eta nazioartera irekia egon.
Zertan oinarrituko da sortu duzuen plataforma hori?
Moda komunitate bat da. Moda munduko erabiltzaileentzako eta profesionalentzako zenbait erreminta jarri ditugu: denda perfil geolokalizatua edukitzeko aukera, produktuak edo look-ak igotzeko aukera, bezeroekin hitz egiteko kanala… eta beste zenbait aplikazio.
Nola egingo duzue hori?
Plataforman hiru perfil daude: erabiltzaileak, denda fisikoak eta mugikorreko aplikazioa. Plataforman blogariek arropak gomendatzen dituzte. Horrekin batera, arropa non erosi duten jartzen dute eta arropa erostera dendara joatea gomendatzen dute. Denda txiki horiek, beraz, Interneten erakusleihoa izango lukete. Denda bakoitzak zein estilorekin lan egiten duen zehaztuko du. Azken batean, moda erabiltzaileak, markak eta dendak biltzen ditu plataformak.
Zenbat blogari dauzkazue? Zuek aukeratzen dituzue blogariak?
Ez, librea da. Pertsona bakoitzak erabakitzen du blogaria edo erabiltzailea izan. Gaur egun 250 fashionerretik gora daude plataforman. Valentziarrak, Madrilgoak eta Euskal Herrikoak ere badaude. Estatu mailako plataforma da baina hemengoak garenez, inguruko dendekin ere proiektua lantzen ari gara.
Goierriko denda txikiekin harremanetan zaudete?
Beasaingo eta Ordiziako merkatari elkartekoekin harremanetan gaude, eta beste gehiagorekin ere bai. Proiektua gustatu zaie. Baina gauza guztiak bezala, pixkanaka joango gara. Gure asmoa da dendek Facebookean perfila duten bezala, Fashion Olen ere perfila izatea.
Mugikorreko aplikazioa ere sortu duzue.
Bai, erosketa turismoa bultzatzeko helburua du aplikazio horrek. Toki berri batera erosketak egitera joaten garenean dendak aurkitzeko aukera errazten du. Adibidez, Bilbora zoaz erosketak egitera eta ez duzu dendarik ezagutzen. Estiloaren arabera dendak filtratzeko aukera izango duzu. Edo Goierrira norbait baldin badator eta ezkontzetarako dendak zeintzuk diren eta non dauden jakin nahi badu, mugikorreko aplikazioak esango dio.
Kultura deituriko atala ere sortu duzue. Zer da? Zein helburu izango du?
Guk ikusten dugu diseinatzaile berriek oso zaila daukatela merkatuan sartzea, beraien arropak non erakutsirik eta nork saldurik ez daukatelako. Gure proiektua plataforma globala denez, bere arropa ezagun bati utzi diezaioke eta pertsona horrek norena den esan dezake. Dendari batek ikusten badu arropa polita dela, diseinatzaile horrekin hitz egiteko aukera izango du. Fenomeno hori gero eta gehiago ikusten da dendetan: toki txiki bat uzten diete diseinatzaile berriei.