Amezketako eta Larraizko guneak batuta 50 boluntario inguru aritzen dira Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak probetan lanean, mendi lasterkari guztiek behar duten guztia eskura izan dezaten.
Mila eta laurehun boluntario pasa aritzen dira Ehunmilak biltzen dituen probetan. Horietako batzuk Amezketan eta Larraitzen aritzen dira. Joseba Larreta da Amezketako taldea koordinatzen duena: «Jazkue gainean hiru lagun egoten dira egun guztian, eta Amezketan 25 inguru izaten dira. Gero egunean bertan ere izaten da izena eman gabe laguntzera etortzen dena. Jendea beti dago prest laguntzeko, eta pozgarria da hori».
Abaltzisketako Larraitz auzoan 25 boluntario inguru elkartzen dira, eta Jon Zubizarreta aritzen da koordinazio lanetan: «Goierriko Bi Handien pasoa antolatzen dugu. Hemezortzigarren kilometroa da eta oraindik denak oso batera etortzen dira. Kolpeko lana da, eta jendea behar izaten dugu. Anoa gunea dugu eta parte hartzaileen denborak kontrolatu behar ditugu». Ehunmilak probarako ez dute hainbesteko lanik: «Ez daukagu ez anoa gunerik, ez denbora hartu beharrik. Bakarrik pasoa bermatzea. Ezberdina da, hamar minutuz behin bi edo hiru lagun azaltzen dira».
Goierriko Bi Handietan 500 lagun pasatzen dira Larraiztik, ordu eta erdiko denbora tartean. «Ostiraletik larunbatera arteko gauean 01:00ak aldera pasatzen dira parte hartzaileak», dio Zubizarretak. Anoa gunea prestatzeaz eta kronometrajea egiteaz gain, egun bat lehenago bidea markatzen dute. «Hori beste lagun pare batekin egiten dut; markatzea ardura handia da, ondo ez baldin badago karrera pikutara joan daiteke eta. Kronometrajean lau-bost lagun izaten dira, dinamika guztia ondo hartuta dutena. Anoa gunean kuadrilla bat dago, eta badakite ere dena nola antolatu».
Amezketan aurten kultur etxean jarriko dute gunea, erabilera anitzeko gela obretan baitago. Larunbateko 05:00ak inguruan igarotzen da lehen korrikalaria. Larretak gaupasa egiten du: «Larraitzen Goierriko Bi Handiak proba nola doan ikustea gustatzen zait, eta gero 03:00etarako Amezketan izaten naiz. Larraitzen bukatu eta gero, Amezketara jaisten dute kronometrajearena».
Sakabanatuta iristen dira hasieran korrikalariak, eta denborak aurrera egin ahala pixka bat gehiago pilatzen dira. 18:30ak aldera ixten dute pasoa. Probaren 98. kilometroan dago Amezketako gunea. «Parte hartzaileei esaten diet ez dutela meritu gutxi. Oraindik okerrena falta zaiela ere esaten diet, ondoren Aralar eta Aizkorri baitituzte».
Lasterkarien esker ona
Garbi du Larretak urtero boluntario aritzeko arrazoia: «Parte hartzaileek asko eskertzen dute boluntarioen lana. Ni horrek betetzen nau, eta horregatik jarraitzen dut urtero. Batzuk ikusten dituzu ondo datozela, beste batzuk ez hain ondo… Denei animoak eman eta aurrera». Larreta hasieratik dabil boluntario gisa: «Mañu Otermin aritzen zen antolatzen Amezketan eta berari laguntzen ibiltzen nintzen hasieran. Gauza hauek gustatzen zaizkit, jendeari lagundu, buila batzuk atera, eta horrela sartu nintzen».
Larraizko pasaera, Goierriko Bi Handiena, probako indartsuenetako dela dio Zubizarretak: «Jende asko elkartzen da korrikalariak ikusteko eta animoak emateko, beraien senide eta lagunak. Lehenengo Zaldibiako gunean elkartzen dira, eta gero denbora ematen du kotxean Larraitzera iristeko. Agian 400 lagun elkartzen dira animoak emateko. Txindokin egoten direnak-eta esaten digute txalo hotsak bertatik entzuten direla. Larraizkoa oso polita izaten da».