Lasterketaren irteera eta helmuga puntuaz gain, bertan izango dira informazioa eta dortsalak jasotzeko guneak, aparkalekuak, dutxak eta lasterketa ikusteko autobusak
Ehunmilak, G2H eta MMM probek Beasainen dituzte irteera eta helmuga puntuak. Baina korrikalariei, beraien laguntzaileei edota proba ikustera datozenei begira antolatutako azpiegitura eta zerbitzu gehienak ere, herri horretan pilatzen dira. Bertan egongo dira informazioa eta dortsalak jasotzeko guneak, korrikalarientzako dutxak, pasta party-a edota aparkalekuak. Eta bertatik abiatuko dira proba pasatzen den puntu ezberdinetara joateko autobusak ere.
Informazio gunei eta dortsalak jasotzeko puntuei dagokionean, bi puntu nagusi egongo dira, probaren arabera. Hala, EHM eta G2H probetako partaideek Gernika pasealekuko frontoian jasoko dituzte dortsalak. Ostegunean (17:00-20:00) eta ostiralean (10:00-13:00/18:30-20:30) izango da horretarako aukera. MMM probako parte-hartzaileek berriz, Loinazko San Martin plazara jo beharko dute, larunbatean (18:30-20:00) edo igandean (07:00-08:00). Bi puntu horietan, dortsalak ez ezik, bestelako materiala eta informazioa eskaini eta motxilen eta arropa poltsen kontrola eramango dute. Korrikalariek puntu horietan poltsak utzi eta Etzegaraten edo Tolosan (EHMren kasuan) jaso ahal izango dituzte.
Pasta Party, aurten karpan
Urtero bezala, EHM eta G2H probetako partaideei pasta party edo bazkaria eskainiko die antolakuntzak. Igartzako jauregian eman izan dituzte otorduak orain arte, baina aurten, toki falta dela medio, karpa berezi bat jarriko dute jauregiaren kanpoaldean. Eguerdiko 12:30etik 16:00etara bitartean, arroz entsalada, barazki menestra, makarroiak, jogurta, fruta, ijito besoa, ogia eta edaria eskainiko dute, doan, EHM eta G2H probetako parte-hartzaile guztientzat.
Lasterketa bukatutakoan, korrikalariek Antzizar kiroldegiko dutxak eta aldagelak erabiltzeko aukera izango dute. Horretarako autobus zerbitzu berezia ere izango da, aparkalekuetatik eta helmugatik. Kirol azpiegiturak doakoak izango dira korrikalarientzat, eta izendatutako laguntzaileek, %50eko deskontua izango dute.
Aparkalekuak
Antolakuntzak 200 autorentzako eta 15 auto-karabanarentzako aparkalekuak egokituko ditu irteera eta helmuga gunetik gertu, Beasaingo herrigunean. Kotxeentzako aparkalekua Gipuzkoa Plazan izango da. Komunak eta autobus geltokia ere jarriko dituzte bertan. Autokarabanek berriz, Igartza Oleta kaleko aparkalekuan izango dute geralekua; ura eta elektrizitatea doan izango dute bertan. Horretarako, akreditazioa eskatu beharko da. Aparkalekutik gertu dago helmuga puntura daraman autobusa hartzeko geralekua.
Antolakuntzak, leku batetik bestera mugitzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin du. Egun horietarako jarriko duten
autobus zerbitzu berezia doakoa izango da korrikalari, laguntzaile eta ikusleentzat.
Helmugan, bestalde, pantaila erraldoia eta korrikalarien denboren jarraipena egiteko beste pantaila bat ere jarriko dituzte.