Jazz-az gozatzeko lau egun
Hilaren 6tik 9ra Goierriko Jazzaldia egingo dute Ordizian eta Araman. Noa Lur Quartet izango da talde izarra.
Goierriko Jazzaldiak berezitasun bat badu, ...
Hilaren 6tik 9ra Goierriko Jazzaldia egingo dute Ordizian eta Araman. Noa Lur Quartet izango da talde izarra.
Goierriko Jazzaldiak berezitasun bat badu, jaialdiaren txikitasuna eta horrek berarekin dakarren goxotasuna dira. Bere txikitasunean, ordea, handitzen eta urtetik urtera egitarau osatuagoa prestatzen ari dira. Aurten, lehen aldiz, lau egunetako egitaraua osatu dute, uztailaren 6tik 9ra. Orain arte bi egun baino ez zituen izaten jazzaldiak.
Dena den, egun kopurua alde batera utzita, kalitatea eskaintzea da Goierriko Jazzaldiaren helburu nagusia. Aurtengo egitarauari begira, Noa Lur Quartet taldea nabarmendu du Urtzi Etxeberria antolatzaileak. Noa Lur abeslariaren ahotsak nazioarteko kritiko ugariren laudoriak jaso ditu. Cuadernos de Jazz aldizkariak honela definitzen du haren ahotsa: «Jolastia, talentuduna, femeninoa, erregistro ugarikoa eta liluragarria». Larunbatean, uztailaren 9an, eskainiko du kontzertua, Araman.
David Pastor tronpeta-jotzaile kataluiniarraren emanaldia ere nabarmendu du Etxeberriak. Iaz beste talde batekin jo zuen Araman, eta aurten Nu Roots hirukotea osatu du Jose Luis Guart (piano elektrikoa, organoa eta teklatuak) eta Toni Pagesekin (bateria eta laptop-a). «Hiruko honek jazz garaikidearen hizkuntza beste estilo batzuekin bateratzea lortzen du, teknologiak eskaintzen dituen aukera amaigabeak erabiliz», adierazi dute antolatzaileek. Goierriko Jazzaldiari itxiera emango diote.
Goierriko artistak ere bai
Bestalde, herriko artistak ikusteko aukera ere izango da. Izan ere, bertako musikarien erakusleiho izatea da jazzaldiaren helburu garrantzitsuenetako bat. Larunbat arratsaldeko saioa The Machetazo taldeak irekiko du, eta talde horretako bateria-jotzailea Mikel Urretagoiena ordiziarra da. Musikenen lau urte egin ditu, eta iaz jazzaren inguruko master bat egin zuen Holandan. Han ezagututako hiru kiderekin batera egingo du kontzertua. «Laukote honen kontzertuak zeresana emango du, eta ikus entzuleak energiaz beteriko soinuz bustiko ditu».
Goierritar gehiago ikusteko aukera ere izango da. Tutti Frutti Jazz Project taldeko teklatua, esaterako, Jose Mari Gonzalez de Galdeano Txintxo beasaindarra da. FMA Trio taldean hammond-a jotzen duena, berriz, Fredi Pelaez lazkaotarra da.
Sarrera doakoa izango da. Hortaz, jazz-az gozatu nahi duenak ez du aitzakiarik izango datorren asteburuan.
Egitaraua
uztailak 6, asteazkena.
- 19:30ean, Ordiziako Musika Eskolako Barrena Big Band taldearen kontzertua, Ordiziako plaza nagusian, pintxo pote garaian.
uztailak 7, osteguna.
- 22:00etan, Jazz musikaren historia entzunaldia, Angel Manriqueren eskutik, Sugaar tabernan.
uztailak 8, ostirala.
- 19:30ean, Tutti Frutti Jazz Project talde donostiarraren kotzertua, Ordiziako plaza nagusian.
- 23:00etan, Nevermind Trio talde donostiarraren kontzertua, Ordiziako D’Elikatuz zentroan.
uztaialak 9, larunbata.
- 18:00etan, The Machetazo taldearen kontzertua, Aramako parkean.
- 19:30ean, Noa Lur Quartet taldearen kontzertua, Aramako parkean.
- 21:00etan, jazz afaria, Aramako plazan.
- 23:00etan, FMA Trio talde lazkaotarraren kontzertua, Ordiziako Barrenako parkean.
- 00:00etan, David Pastor & Nu Roots talde kataluiniarraren kontzertua, Ordiziako Barrena parkean.