Antolakuntzak «ahalegin berezia» egin du aurten probako mediku guztiak larrialdi zerbitzuetakoak izan daitezen. Helburua, lasterketa ahalik eta seguruena izatea da
Ehunmilak bezalako proba batean gorputza bere mugetaraino behartzen dute korrikalariek, askotan, osasuna jokoan jartzeraino. Horregatik, horrelako proba bat antolatzerako garaian, garrantzia berezia du segurtasun eta osasun arreta ona eskaintzeak. Urtez urte atal honetan ahalegin handia egin dute antolatzaileek, baina aurten, apustu berezia egin nahi izan dute lehen arreta horretan espezializatutako medikuak izateko.
Antolakuntza taldeko Mikel Valdivielsoren arabera, «Ehunmiletan egiten ditugun ahaleginik handienak, lasterketari begira, segurtasun arloan» izaten dira. «Aurten ahalegin handia egin dugu, eta aurrekontua asko igo zaigu zentzu horretan. Ehunmiletan egoten diren mediku guztiak larrialdietakoak izango dira aurten. Gurutze Gorrikoen despliegea ere ikaragarria izaten da. Gure esku dagoen guztia egiten dugu lasterkaria ahalik eta seguruena joateko». Horrez gain, korrikalari bakoitzari mediku ziurtagiria eskatzen diete izena ematerako garaian.
Helmugan, kontrol guneetan nahiz ibilbideko puntu jakinetan, osasun zaintzarako pertsonal espezializatua jarriko dute. Gurutze Gorriko boluntarioez gain, aurten mediku talde bat ere izango da antolakuntzaren eta korrikalarien zerbitzura, arreta hori ahalik eta egokiena eta azkarrena izan dadin.
Ibilbidearen ezaugarriak, distantziak eta desnibela kontuan izanda, «osasun zaintza horrek esperotakoa baino denbora gehiago» behar izan dezakeela ohartarazi du antolakuntzak. Horregatik, norberaren segurtasunerako behar diren oinarrizko gauzak motxilan eramateko deia egin diete parte-hartzaileei.
Muturreko egoerak
Astebururako eguraldiaren iragarpenak ez du euri egunik edo hotzik aurreikusten. Baina hainbat ediziotan muturreko egoerak bizi izan dituzte korrikalariek, batez ere gauez eta mendi aldean pasatzen diren momentuetan. Txindokiko gainera daraman bidea ere desbideratu duten urterik ere izan da. Hala, araudiak garbi jasotzen du, muturreko egoeren aurrean, antolakuntzak ibilbidea aldatu, korrikalariak neutralizatu edo kasurik okerrenean, baita lasterketa bertan behera uzteko aukera ere.
Horren guztiaren gainetik, ordea, korrikalariei beraien mugak ezagutzeko eta zentzuz jokatzeko deia egin diete.