Valentin Cruz Argentinarra Ampo Ordiziara
Ampo Ordiziak Valentín Cruz argentinarra fitxatu du datorren denboraldirako. Buenos Aires lurraldeko Pucara taldetik datorren jokalaria da. Une honetan URBAko Top14 jokatzen ari den taldea da eta Cruzek hasieratik du lekua lehenengo hamabostean. Joko-irekitzailea da eta jokalari osoa da. Hankarekin du aparteko trebezia, tantoak nahiz metroak irabazteko.
Duen posturako fisiko handia du, izan ere 186 zentimetroko altuera eta 90 kiloko pisua ditu. Honi esker, defentsako lanetan ere oso ondo moldatzen dela adierazi digute Ampo Ordiziatik eta bere momentu hoberenean dagoela gehitu dute, 26 urte baititu.
Kamiseta txuri-urdina behin baino gehiagotan eta maila desberdinetan jantzi du. Sub19 eta sub20 gisa nazioartean aritu zen. Seniorretan, zazpiko errugbian ere aritzen da eta XVekoan Argentinako selekzioarekin hirutan jokatu zuen 2012ko Hegoamerikako Kopan.