Lehenbizikoz parte hartuko du Anette Jonssonek Ehunmilak lasterketan. Proban parte hartuko duten 34 atzerritarretako bat izango da. Suediarra da, eta Euskal Herriko mendiak ezagutzeko gogoz dago.
Gero eta gehiago dira Ehunmilak lasterketak erakartzen dituen atzerritarrak. Proba izena hartzen ari den heinean, urtetik urtera atzerritar gehiagok parte hartzen dute. Aurten, 34 korrikalari izango dira beste herrialde batzuetatik Beasainera etorriak: 29 gizonezko eta 5 emakume. Anette Jonsson suediarra da horietako bat. Lehenengo aldiz parte hartuko du Ehunmilak lasterketan. Internet bidez izan zuen probaren berri, eta bide malkartsuari ekiteko irrikaz dago dagoeneko.
Nola izan duzu Ehunmilak probaren berri?
Ohikoa ez zen lasterketa baten bila ari nintzen, eta Internet bidez izan nuen Ehunmilak probaren berri. Bilatzen ari nintzena zela ohartu nintzen, eta orain parte hartzeko irrikatan nago.
Aurretik ere parte hartu duzu beste ultraren batean?
Bakarren batzuk egin ditut dagoeneko. Azkenekoa TDS izan zen, iaz, Chamonixen. Nire buruari erronkak jartzea gustatzen zait.
Eguraldiak asko baldintzatzen duen proba izaten da Ehunmilak. Zer eguraldi duzu gustukoen horrelako probetarako?
Hogei graduren bueltako tenperatura dut gustukoen, baina arropa ona izanez gero, eguraldiak ez nau asko baldintzatzen. Eta euriak ere badu bere xarma.
Tartean gaua ere badago. Nola moldatzen zara gauez?
Buruko linternarekin korrika egitea ikaragarri gustatzen zait. Zoragarria da gauez korrika egitea; eguzkia ateratzean, mundu berri baten hasiera ematen du.
Nola planteatuko duzu lasterketa?
Zaila da orain hori pentsatzea, lasterketa baino lehen. Ongien egokitzen zaidan abiadura bilatuko dut, eta ez dut denborarik galduko gainontzeko parte hartzaileengan pentsatzen. Ahal dudan hoberen egiten saiatuko naiz, eta besterik ez.
Lo egiteko tarterik hartuko duzu?
Ez dut lorik egingo. Nire bideari jarraituko diot, poliki bada ere.
Nola prestatzen dituzu horrelako probak? Entrenamendu bereziren bat egiten duzu?
Nire ohiko erritmoan entrenatu dut, ordu asko sartzen saiatu naiz. Hala ere, nahiago nuke entrenamendu luzeagoak egin izan banitu.
Proban parte hartuko duen suediar bakarra zara. Ba al zenekien?
Bai, konturatuta nago. Izugarri motibatuta nago lasterketa honetan parte hartzeko.
Suedian ba al dago ohiturarik mendian korrika egiteko?
Kirola hazten ari da Suedian, baina han ez daukagu horrelako mendirik. Suediako mendiak ez dira Europako gainontzekoak bezain altuak eta ikusgarriak. Dena den, oso pozik nago kirola Suedian izaten ari den garapenarekin. Gero eta suediar gehiago ari dira kirol hau deskubritzen.
Ezagutzen al duzu Euskal Herria?
Ez dakit askorik Euskal Herriari buruz, baina gogoz nago gehiago ikasteko, baita hango mendiak ezagutzeko ere. Ehunmilak lasterketara ni bakarrik joango naiz; kitzikagarria da eta desafioa ere bai, aldi berean.
Zein izango da zure helburua Ehunmiletan? Irabaztea, ala bukatzearekin konforme?
Lasterketa amaitu nahi dut, ahalik eta ongien. Badakit gogorra izango dela, eta nire burugogorkeria osoa erabili beharko dudala. Unea iristeko desiratzen nago!