Harrizko loraldiak, mendea
Aralarko megalitismoak mende bat beteko du, uda honetan. Hasierako suziria jauritzea Joxe Migel Barandiaran ikertzaile ataundarraren lana izan zen, beste arlo ...
Aralarko megalitismoak mende bat beteko du, uda honetan. Hasierako suziria jauritzea Joxe Migel Barandiaran ikertzaile ataundarraren lana izan zen, beste arlo askotan bezala. 1916ko abuztuaren 8an Aralarrera igo zen, «jentilen» aztarnen bila. Ezustean, milaka urte lehenagoko gizakien bizilekuarekin egin zuen topo.
Ataunen aditzen zituen elezaharren eta kondairen irrika zuen Barandiaranek, arkeologiarena baino gehiago, hasieran. Jexux Aizpurua ikertzaile ataundarrak kontatu duen pasadizoa, lekuko: «Mendira ibiltzeko joera bazuen, gaztetatik. 15 bat urterekin, Markesena lekuan, harri batean grafiti bat egin zuen: JMDB, 1907 (Jose Miguel de Barandiaran izenaren laburdura). Handik 11 urtera, jada ikertzaile bezala joan zen Telesforo Aranzadirekin eta Enrike Egurenekin. Harri hura bilatu zuen, eta esan zuen: ‘Hau nik ez nekien jentilarria, trikuharria zenik’. Gauza horien ezaguerarik ez zuen».
Megalitismoarekiko eta arkeologiarekiko suharra 1916an piztu zitzaion. Aralarren, harri batean jarrita piku batzuk jaten ari zela, alboan satorra jotzen sumatu zuen. Hari begira zegoela, lur artean giza hagina ikusi zuen. ‘Hau pertsonarena duk’. Argarbiko trikuharria edo harrespilaren gainean zegoen. Hura izan zen Barandiaranek aurkitutako lehenengoa.
Ordurako, Jentilarri identifikatuta zegoen. Ramon Adan de Iartza geologo bilbotarrak 1879an katalogatu zuen, megalito gisa. Geroxeago, Aranzadi Aralar nafarrean ere aritu zen ikertzen. Euskalerriaren Alde aldizkarian idatzi zituen berriek jada aditu kontsakratu ziren Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren arkeologoengana bideratu zuen Barandiaran.
1917tik aurrera urre aroa
Hirukote hark ireki zuen, 1917an, Aralarko arkeologiaren urrezko kutxa. Urte hartan, San Martin auzoko Antonione Azpikoa etxean elkartu ziren, Aralarren indusketa batzuk egiteko asmoz. Erremedioko bainuetxera igo ziren, ostatu han hartzeko. Intsustitik Argarbira jo zuten.
1918an, Lizarrustitik Etzegarate bitarteko mendia miatu zuten, Ataun-Burunda zeharra. 1936ko gerra arte, etenik gabe industu zuten Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek.
Gaur egun, Aralarko Estazio Megalitikoan 30 eraikuntza daude katalogatuta: trikuharriak, monolitoak, tumuluak, zistak, zutarriak, harrespilak… Gutxika, baina kopurua hazten ari da oraindik.
Ondarre, azken harrobia
Aurkikuntzen balio arkeologikoagatik —Aralarko lehenengo cromlech-a da—, eta gordean zeuzkan piezen antzinatasunagatik —Goierriko giza aztarna zaharrenak topatu dituzte—, Ondarreko indusketa apartekoa izan zen. Joxe Antonio Mujika arkeologo beasaindarrak 2009an aurkitu zuen. 2012ko eta 2013ko kanpainetan, duela 50.000 urteko silex bat atera zuten, neandertal gizakiak landutakoa, Urbasatik ekarritako harrian.
Ondarren, geroagoko megalito batzuen aztarnak ere badaude: 4.100 urteko zista bat —gizaki gutxi batzuk lurperatzeko harrizko poligonoak—, 3.000 urteko cromlech —errautsak uzteko— bat, eta Brontze Aro bukaerako harri puska bat, epe berekoa. Zistan hiru edo lau pertsona hilobiratu zituzten.
Mujikak Goierri inguruan leku gehiagotan ere egin ditu indusketa arkeologikoak eta aurkikuntzak: Beasainen, Idiazabal eta Ataun arteko Atxurbin, nafar mugako Igartzan eta Aitxun… Barandiaranek hasitako bidean, ekarpen garrantzitsuak egin ditu Mujikak.
Aralarren bertan, Barandiaranez geroztik, megalito ugari aurkitu izan dira: «Asko azaldu dira hemen: Ubegin, Lareotik gora Agautz aldean ere azaldu dira bi garbiak, Erremedio-Belarsoro eta Txotxeta; Intsustitik gora Matxitxane, Beaskinen…», dio Aizpurua ataundarrak.
Aztarnaleku agortezina
Kanpoko induslekuez gain, Aralarrek lurraren erraietan ere balio arkeologiko paregabea dauka, kobetan eta leizeetan. Hala, Usategi koban aurkitutako giza aztarnak izan ziren, Ondarrekoak azaldu bitartean, zaharrenak. Duela 27.000 urteko hezurrak zeuden han. Barandiaranek Limurieta eta Pikandieta kobak ere aztertu zituen, Jentilbaratzaren azpian.
Aralarko duela 100 urteko abiera hark, Euskal Herri osoan eman zuen harrezkero emaitza. Aitzindari haiek azaleratu zituzten Santimamiñe, Atxurra, Altxerri eta beste zenbait ondare arkeologiko.
Aralarko trikuharriak
Aralarren Gipuzkoako zatian, eta megalitoen artean, honako trikuharriak daude katalogatuta.
- Ausokoi. Ganbera laukizuzena, lau lauzakoa. Estalkirik ez du. 12 gorputz zeuden lurperatuta, baita ontziak, zeramikak, silexezko eta brontzezko gezi-puntak eta urrezko eraztun bat ere.
- Ausokoi II. 6-7 m-ko bueltako tumulua. Ganbera-lauza bat zeukan, aurkitu zutenean.
- Aranzadi. Oabielen. Hiru lauza eta ganga aztarna bat.
- Arraztarangaña. Ganberaren bi lauza mantentzen dira soilik. Metro erdi altuko tumulu bat du.
- Jentilarri. Aralarko ikusgarriena. 18 lauzaz egina. Estalkia mugitua zegoen, eta birkokatua. 27 pertsonaren gorpuzkiak zeuden. Zeramika, bi puntzoi eta hiru gezi-punta aurkitu ziren. Jentilak hiltzera hara joan zirela jaso zuen Barandiaranek. 1879an identifikatu zuen, Ramon Adan Iartza geologoak, eta 1880an La Union Vasco-Navarra aldizkari bizkaitarrean eman zuen berri.
- Argarbi. 0,7 m altuko eta 10 m diametroko tumuluak soilik iraun du. Ganberaren lauzak, galduak.
- Oidui. Metro bat altuko eta 14 m diametroko tumulua. Erdian 3 lauza geratzen dira. 12 lagunen gorpuzkiak zeuden, zeramika zati eta punta bat ere bai.
- Oidui II. Supitaitz gainean. Lauza bat bakarrik geratzen da, 12 metroko tumuluan.
- Zearragoena. Lau lauza. Pertsona baten gorpuzkiak atera zituzten. 10 metroko tumulua.
- Ueologoena iparra eta hegoa. Bi dira, ondo-ondoan. Iparrekoa hobeto kontserbatua, 9 lauzarekin eta estalkia ganberatik albo batera mugitua. Bi puntzoi —bat hezurrezkoa eta bestea brontzezkoa—, lignitozko bi kontu eta harkaitz-kristalezko 20 kuartzo. Gutxienez 14 gizakiren arrastoak zeuden.
- Igaratza iparra. Bi lauza, tumuluaren erdiko zuloan.
- Igaratza hegoa. 15 m-ko diametroa eta 1,5eko altuera. 8 lauzako ganbera poligonala du. Gutxienez 27 gizakiren arrastoak zeuden, eta zeramikazko ontziak, apaingarriak eta zintzilikarioak.
- Lareo. Desitxuratua dago egun.
- Erremedio, Txotxeta eta Matxitxane. Sastarrin daude hirurak, gaizki mantenduak. Matxitxanek bi lauza ditu erdian.
- Ondarre. Azken aurkikuntza, Joxean Mujika beasaindarrarena. Duela 4.100 urteko zista bat eta 3.000ko harrespila. Gizakiak landutako silex pieza zaharrenak han zeuden, 50.000 urtekoak.