Geltokietako jaiak, jendetsuak eta asto karrerarik gabekoak
Asteburuan Geltokietako jaiak ospatu dituzte. Antolatzaileak gustura daude parte hartzearekin eta bizilagunei eskerrak eman nahi dizkiete, baina triste ageri dira asto karrera egiten utzi ez zietelako. Horren ordez, moto txikiekin
Asteburuan Geltokietako jaiak ospatu dituzte. Antolatzaileak gustura daude parte hartzearekin eta bizilagunei eskerrak eman nahi dizkiete, baina triste ageri dira asto karrera egiten utzi ez zietelako. Horren ordez, moto txikiekin lasterketa egin zuten.
Maite Berasategik ez du gertatutakoa ulertzen. «Animaliak babesteko legeak oilarren eta txakurren arteko borrokak bakarrik debekatzen ditu. Ez dugu ulertzen Donostian zezenketak antolatzea eta auzoetako jaietan asto karrerak egiten ez uztea. Are gehiago, joan zen astean Zumarragan idi probak egon ziren eta aste honetan Urretxun ez dute asto karrera egiten utzi».
Geltokietako jaietako asto karreran sekula ez dietela animaliei minik egin gehitu du. «Hemen sekula ez zaie astoei minik egin, baina asto lasterketaren ordez moto txikien lasterketa egin behar izan genuen. Baina astoa jaietako ikurra da eta jendeak asto karrera ikusi nahi zuen».
Jon Luqui alkateak, ordea, jendaurreko ikuskizunak eta jolasa jarduerak arautzen dituen legeak, animalien babeserako legeak eta animaliak edukitzeko eta babesteko udal ordenantzak halako ikuskizunak antolatzea debekatzen dutela gogoratu du. «Antolatzaileek ondo baino hobeto dakite ezin dutela asto lasterketa antolatu», amaitu du.