Musika eskola jarriko dute eraikinean. Urtebete iraungo dute lanek.
Agirre Etxeberri eraikina. / Arg.: Maialen Igartua
Agirre Etxeberri eraikina birmoldatu eta musika eskola jarriko du bertan Legazpiko Udalak. Lanak aste honetan bertan hasiko dira, eta urbetez luzatuko dira. Lurgoien enpresari esleitu diote obra. Proiektuak 824.208 euroko kostua izango du.
Lanek irauten duten bitartean, parkea irekita egongo da Urola Kalea aldera, eta oinezkoentzat pasabide bat egokituko da Santikutz kaleraino.
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza
Pasa den otsailean Eusko Jaurlaritzak 298.225 euroko diru laguntza eman zion Legazpiko Udalari, Agirre Etxeberriko proiektuarentzat. Izan ere, Agirre Etxeberri eraikinak monumentu izendapena dauka, eta berezko izaera mantenduz berritzen saiatuko dira, ahalik eta elementu gehienak mantenduz. Ondarea babesteagatik jaso du diru laguntza proiektuak.