Alkohola ala bizitza
Ordiziako Alkoholiko Anonimoetako kideek haien bizipenak kontatu dituzte elkartearen 50. urteurrenean.
«Ezer gabe gelditu nintzen». horiek izan dira Urdaneta Alkoholiko Anonimoen taldeko ...
Ordiziako Alkoholiko Anonimoetako kideek haien bizipenak kontatu dituzte elkartearen 50. urteurrenean.
«Ezer gabe gelditu nintzen». horiek izan dira Urdaneta Alkoholiko Anonimoen taldeko kide batek GoiBerri-ri adierazitako lehen hitzak. «Alkoholarengatik oso urte txarrak pasa nituen. Halako batean auto istripua izan nuen eta gizon bat hil nuen. Eskerrak 0,0 eman nuen. Hala ere behea jo nuen! eta Alkoholiko Anonimoen taldean sartzea erabaki nuen arazoari irtenbidea bilatzeko», gehitu du. 50 urte bete ditu aurten Urdaneta taldeak, horregatik taldeko kideekin Ordizian duten egoitzan gelditzeko hitzordua egin du kazetariak.
«Askok uste dute alkoholikook botila ardoa eskuan eta kale ertzean botata egoten garela egunero, baina hori ez da egia. Horietako asko alkoholikoak dira, bai, baina alkoholiko izateko ez dago egunero mozkortuta ibili beharrik», esan du kideetako batek.
Alkoholismoa sendabiderik gabeko gaixotasuna da. Hala ere, bada gaitz hori «eteteko» modurik. Horretarako gaixotasuna onartu behar da aurrenik, eta ondoren lehenengo zurrutadari ezetz esateko adorea bildu behar da. Horixe da alkoholiko baten lehen eginbeharra, eta horixe bera Alkoholiko Anonimoak elkarteko kide izateko elkarteak proposatzen duena; «Alkoholiko Anonimoek ez edatera gonbidatzen zaitu, eta alkohola edateari utzi dioten pertsonen esperientziak entzun ahal izango ditu etortzen denak, ezertara derrigortu gabe», adierazi du ondotik beste kide batek. «Lehenengo zurrutadak eramaten gaitu galbidera, eta ez hamargarrenak edo hamabosgarrenak. Ezin diogu edateari utzi nahi dugunean; guretzat zurrutada bat gehiegi da», nabarmendu du hirugarren batek.
Edateko mila arrazoi
Goizean jaiki eta egunerokoari hasteko alkohol tragoxka bat ezinbesteko izan duenik bada elkartean: «Gorroto nuen nire bizitza, ahulegia sentitzen nintzen eta neure burua gutxiesten nuen. Ohetik jaiki eta ordubete baino lehen edan beharra izaten nuen». Eta ez hori bakarrik, eguerdian ere edan egiten zuen, etxera bazkaltzera joan aurretik. «Emazteari sekulako katarroa nuela esaten nion, goserik gabe joaten bainintzen etxera. Baina emazteak ateratako botilari ardoari ez nion ezetz esaten».
«Seme alabarik ezingo nuela izan esan zidan medikuak». Horiek elkarteko beste kide baten lehen hitzak. «Horrek kontrolik gabe edatera eraman ninduen», jarraitu du. «Zerbaitetan edo norbaitengan sinestea eta umiltasuna izatea ezinbestekoak dira bizitza honetan».
Batzuk arrazoi bategatik, beste batzuk arrazoi guztiz ezberdinegatik, baina guztiek dute gauza bat komunean; gezurra maiz-maiz esaten duten pertsonetan bihurtzen direla eta inguruan dituzten guztiak engainatzen saiatzen direla berea egiteko.
«Mila gezur kontatzen nizkien nire inguruko guztiei. Garai hartan lanean izango zen kunplitzen nuen toki bakarra», aitortu du beste kide batek. «Oso langile fina nintzen, alkoholiko asko eta asko bezala, baina banekien edaten jarraitzeko dirua behar nuela» nabarmendu du. Urdanetako kide horren esanetan, «ez nion inori dirurik eskatu nahi, horrela bakean utziko nindutela uste bainue». Gezurrak ingurukoei bakarrik ez. «Geure buruari esaten dizkiogu lehenik gezurrak, eta momentuan sinestu gainera. Gaur egun konturatzen naiz zenbat engainatu nuen nire burua edaten jarraitzeko arrazoi hutsagatik», amaitu du. Zorionez, urte mordoxka bat darama kide horrek alkohol tantarik probatu gabe.
Gizarteak onartuta
«Oso gizarteratuta dugu alkoholaren kontsumoa, nolako arazoa bihur daitekeen pentsatu gabe. Guztiok ez dugu marra hori ez gainditzeko gaitasuna», adierazi du beste kide batek. Umiltasuna galdu gabe, imagina ezin daitezkeen mila istorio bizi izan ditu, beste kide askok eta askok bezala. «Lehenengo aldiz horrelako bilera batera iristen zarenean, normalean ez zara gai gauzak kontatzen hasteko», aitortu du. «Denborarekin konturatzen zara ez zarela bakarra, eta oso garrantzitsua da bakarrik ez sentitzea eta konpartitzea», gehitu du.
Gazteak eta alkoholismoa gaia ere atera zen mahai gainera Urdaneta Elkarteko kideen arteko elkarrizketan; «Elkartera gazte batzuk etorri dira, arazo berri batekin. Asteburuetan edaten dute soilik, baina egiten dutenean ez dute hura kontrolatzeko modurik. Jaiegunetako alkoholikoak dira». Alkohola edatea gizartean oso onartua egoteak «ikaragarri» zailtzen du alkoholikoen borroka. «Egun txar batzuk igarotzen dira hasieran, baina inoiz ez edanaren menpe geundenekoak bezain txarrak».
Emakumeen tabua
Azkeneko urteetan gora egin du emakume alkoholikoen kopuruak. Sarri detektatzeko zailagoa izan ohi da, edateko ohitura ezberdinak dituztelako; emakumeen kasuan, asko dira etxetik irteteke mozkortzen direnak. Orain dela urte batzuk lau alkoholikotatik hiru gizonezkoak izan ohi ziren. Gaur egungo estadistikek diote datu horrek gora egin duela, eta alkoholikoen erdiak emakumezkoak dira.
«Hasieran kalean edaten nuen, lagunekin pote batzuk… gauza eskuetatik ihes egiten hasi zitzaidanean, inork ezer ez esateko, etxean edaten nuen ezkutuan», aitortu du taldeko emakume batek. «Nire semei esker nago hemen, horiek izan ziren gogorren egin izan didatenak. Bi urte daramatzat bileretara etortzen eta pozik nago».
Taldeko kide berria
Alkoholiko Anonimoeen telefono zenbakira norbaitek deitzen duenean, elkartearen protokoloa jartzen da martxan. «Normalean oso urduri edo etsita deitzen du jendeak», dio taldeko kide batek. «Berarekin gelditu, kafe bat hartu, paseo bat eman, hitz egin… Lehenengo kontaktua da eta kide berria ahalik eta erosoen sentitzen saiatzen gara», gehitu du. Bilerak non egiten diren begiratzen da eta kide berriak erabakitzen du noiz eta eta nora joan. Berriak konfidantza har dezan, taldeko kide batek lagunduko dio bilerara lehen egun horretan, eta horretarako esperientziak partekatzen dituzte. «Laguntzeko eta edateari uztea posible dela gogoratzeko gaude», nabarmendu dute.