Bi pilotari goierritar San Fermin torneoko finalean
San Ferminetako pilota torneoko finala jokatuko dute bihar, eta final horretan, bi pilotari goierritar izango dira aurrez aurre: Iker Irribarria aramarra eta Jon Ander Albisu ataundarra. Binaka jokatuko dute; Irribarriak eta Barriolak batetik, eta Olaizolak eta Albisuk bestetik.
Aurten gora-behera handiko denboraldia izan du Albisuk, baina San Ferminetako torneoan maila ona erakutsi du, Aimar Olaizolarekin batera. Ligaxkako azken partidan, esaterako, 22-8 mendean hartu zituzten Urrutikoetxea eta Untoria, joko sendoa erakutsita.
Irribarriaren denboraldia berriz, ezin borobilagoa izan da. Buruz-buruko txapela irabazi du aurten aramarrak, eta geroztik ere maila onean ari da. San Ferminetako ligaxkan azken partida galduagatik, finalerako sailkatu dira, puntuen gorabeherari esker.
Finala bihar, Iruñeko Labrit pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etan hasiko den jaialdiaren barruan jokatuko dute. Aurretik, Retegi Bi eta Merino, Victor eta Ibai Zabalaren aurka ariko dira.