Haurrak eta Aspaceko erabiltzaileak, elkarrekin lanean
Urretxu eta Zumarragako udalek urtero udaleku irekiak antolatzen dituzte, helburua haurrek ondo pasatzea, aisialdian ere euskaraz egitea eta giza baloreak lantzea da. Aurten, esperientzia berri bat martxan jarri dute Aspacerekin
Urretxu eta Zumarragako udalek urtero udaleku irekiak antolatzen dituzte, helburua haurrek ondo pasatzea, aisialdian ere euskaraz egitea eta giza baloreak lantzea da. Aurten, esperientzia berri bat martxan jarri dute Aspacerekin batera: haurrek eta Aspaceko erabiltzaileek elkarrekin lan eta jolas egingo dute. Atzo saskiak egin zituzten eta bihar elkarrekin jolastuko dute.
Aspacek udalekuetan parte hartu nahi zuten eta antolatzaileek baiezkoa eman zieten, noski. Atzo aritu ziren elkarrekin, lehenengoz. Udalekuetan parte hartzen ari diren zaharrenak izan ziren Aspacekoekin saskiak egin zituztenak: Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailako ikas-leak. 110 haur aritu ziren, bi txandatan, Gernikako Arbola plazako arkupeetan. Haurrek, gutxitu psikikoen laguntzarekin, zumezko saskiak egin zituzten.
Jon Josue begiraleak oso esperientzia aberasgarria dela esan zuen. «Haurrak oso gustura lan egiten ari dira. Haurrek galderak egiten dizkiete eta Aspacekoek saskiak nola egin behar diren azaltzen diete. Oso ondo ari dira elkar ulertzen. Oso polita da komunikazio horren lekuko izatea. Ekintza hau guztiontzat oso aberasgarria da: haurrentzat, Aspacekoentzat eta baita begiraleontzat ere».
Gainera, haurrek saskiak nola egiten diren ikasi zuten. «Udaleku irekietan urtero egiten dituzte eskulanak, baina eskulan hauek ez dira orain arte egin ditugunak bezalakoak».
Aspaceko erabiltzaileak ere oso pozik zeuden. «Asko ari naiz gozatzen. Haurrak oso ondo ari dira. Haurrekin gehiagotan lan egitea gustatuko litzaidake. Neska-mutikoei irakastea oso polita da eta ikastaro gehiago emateko aukera eduki nahi nuke», aipatu zuen Miriam Monasterio 23 urteko zumarragarrak.
Bera eta bere lankideak zumearekin lan egiten oso trebeak dira eta urretxuar eta zumarragarrak beraien lanak ezagutu eta erostera gonbidatu zituen. «Gaur saskiak egiten ari gara, baina askoz ere gauza gehiago egiten ditugu. Gure produktuak aspacegi.org webguneko Produktuak atalean ditugu salgai», esan zuen.
Datorren astelehenean beste saskigintza tailer bat egingo dute. Tailer hori ere goizean egingo dute, Gernikako Arbola plazan. Bestalde, bihar haurrek eta Aspacekoek elkarrekin jolastuko dute. Lizeoan elkartuko dira. Ginkana egingo dute gurpildun aulkiekin eta boccian jokatuko dute. Aspaceko kideetako bat, Miguel Angel Gomez, bereziki trebea da joko horretan. 1996ko Paralinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen taldeka. Bakarka, berriz, laugarren sailkatu zen.