Herri operako bideoa emango dute etzi Zelai Arizti aretoan
Ostiralean, 19:00etan, Iñigo Sbeltza zumarragarrak Herri Operan grabatutako irudiekin prestatutako bideoa emango dute Zelai Arizti aretoan. Sbeltza iazko ekainean Urretxuko Ederrena pilotalekuan egin zen GI-631 herri operaren irudiak hartzearen arduraduna
Ostiralean, 19:00etan, Iñigo Sbeltza zumarragarrak Herri Operan grabatutako irudiekin prestatutako bideoa emango dute Zelai Arizti aretoan.
Sbeltza iazko ekainean Urretxuko Ederrena pilotalekuan egin zen GI-631 herri operaren irudiak hartzearen arduraduna izan zen. Irudi horiekin bi muntaia egin ditu. Lehenengoa ETBrentzat egin zuen eta ordu beteko iraupena bakarrik zuen.
Operako pasarte garrantzitsu batzuk kanpoan gelditu ziren eta Sbeltzak bigarren muntaia bat egin du. Ordu eta erdi inguruko iraupena du. Bertan, parte hartu zuten talde guztiak ageri dira.
Ostiralean, emanaldiaren ondoren, talde guztietako ordezkariak elkartuko dira. Bilera horretan herri opera gehiago egin edo ez eztabaidatuko dute, besteak beste. «Herri operak arrakasta eduki zuen: jende asko etorri zen eta polita gelditu zen. Iaz parte hartu ez zuten taldeek beste herri opera batean parte hartu ahal izatea polita izango litzateke», aipatu du Sbeltzak.
Herri opera iaz egin zuten. Koordinatzaile lanak Gorka Hermosak egin zituen eta gidoia Jon Plazaolak idatzi zuen. Aktore nagusiak Barbara Rivas, Joseba Apaolaza eta Plazaola bera izan ziren.
Operak hamalau musika saio ere izan zituen. Bi herrietako ia musikari guztiek parte hartu zuten: txalapartariek, txistulariek, trikitilariek, musika bandek, hip hop abeslariek, The Northagirres eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeek… Guztiek bi herrietako konpositoreen lanak jo zituzten: Iparragirre, Busca Sagastizabal eta Esnaolarenak, besteak beste.