Saharatik 11 haur etorri dira aurten Goierrira, udako oporra pasatzera
Goierri garaian zazpi hartu dituzte, Hare Haizea elkartearen bidez. Behean lau daude. Etzi festa dute Ataunen. Udalen konpromisoa eta elkartasuna eskertu dute
Beste urtebetez, Saharako basamortuko baldintza gogorretatik arnasa pixka bat hartzeko aukera eman diete hango lau mila haurri, udako bi hilabete Europan igarotzeko bidea irekita. Oporrak bakean programari esker, 450 haur Euskal Herrian dira, horietatik 103 Gipuzkoan eta 11 Goierrin.
Uztailaren 2an iritsi ziren Loiuko aireportura, eta abuztuaren 31ean joango dira Saharara edo sahararren kanpalekuetara. Bertako familiek hartu dituzte. Goierrin, zazpi haur Goierri garaian daude: Zumarragan, Urretxun eta Legazpin. Hare Haizea elkarteak antolatzen du etorrera han. Goierri behean, berriz, lau haur daude, Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkartearen bitartez: hiru Ataunen eta bat Beasainen.
«Egun bereziak dira hauek guretzat», dio Goierri beheko elkarteko kide Naroa Abalabidek. «Bi hilabetez bada ere, errefuxiatu kanpalekuetako bizi baldintza gogorretatik ihes egiteko aukera dute. Elkartasunari eta konpromiso politikoari esker da hori posible».
Udalen laguntzarekin
Goierriko zenbait udalek laguntzen dute Oporrak bakean, diruz. Goierri garaian, esate baterako, San Fermin egunean harrera egin zieten Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko alka-teek eta alderdi guztietako ordezkariek. Mediku eta dentista kontsultak izango dituzte haurrek, Zumarragako Ospitalearen eta Itziar Ayllon haginlariaren borondateari esker.
Ataungo, Beasaingo eta Zaldibiako udalek ere laguntzen dute. Zaldibian, hara haurrik joaten ez bada ere, udalak urtero bi hegazkin bidaia ordaintzen ditu.
Etorrera ospatzeko, eta bertako haurrekin batera ibiltzeko, etzi Ataunen Saharar Herriarekin Elkartasun Eguna egingo dute. Uztailaren 18an, berriz, Beasaingo udaletxean ongietorri harrera egingo diete.













