Bazterrik bazter: Baiarrate
Ostiralean Ehunmilak. Goizeko zazpietan abiatu gara Eñaut, Jon eta hirurok Arratetatik gora, Dostollozubieta, Berdai, Muñotxoeta, Aralegiberri, Aralegibekoa, Aralegigoikoa, Aralegiko bordak, Aralegiko zelaia, Andurio, Intsusti, Martinsaroeko lepoa, E...
Oiduegiko Jexux Mendizabal ‘Kaxkagorriren’ txabolatik (OiduegiEnirioBelatxingako bordaAkaiztxiko iturriaBaiarrate LareoMalkorburuko leizea MaiziegierrekaAkerretaLizarrusti) hasita markaketa egin asmotan goaz; alde batetik, burdina-ziriak, bestetik plastikozko zintak eta zintzilikario dirdiragarriak ere bai; batez ere, gauez datozkeen korrikalariek argi eta garbi ikus dezaten.
Oiduegi saroian ez zegoen ez artzainik ezta artalderik ere; mailoa, pagoa eta lizarra bai.
Bata bestearengandik urrun samar baina, korrikalariak garbi ikusteko moduan jartzen aritu gara adierazgarriak, bai burdina-zirien gailurrean, baita sasiko lahar-muturretan nahiz elorri edo pago-adarretan ere, beti ere, erraz kentzeko eran. Desegingarria omen den spray ekologikoa ere erabili dugu zenbait lekutan.
Bart euria majo egin duenaren antza bada. Akaiztxikiko askatik aurrera, batez ere, lokatza ugari eta Baiarrateko zulora gain behera denez, leku irristakor bilakatu da; kontuz, beraz!
Baiarrateko galtzada ederretik joan behar luke korrika-bideak baina, antolatzaileek nahiago dute bideari ahal den zuzenen heltzea, nahiz eta galtzadaren edertasuna galdu; kontua ez baita ingurua eta natura, erlojua eta korrikalariaren sufrimen-gaitasuna neurtzea baizik; horrelaxe esango dute amaieran: leku ederrak, benetan! Sinesgaitza. Nola dasta edo gozatu inguruaz, tximista baino azkarrago doanak? Bere buruan beste lehentasun batzuk baititu: nekea, gaua, oreka, erlojua, norabidea, aurretik edo gibeletik den ‘arerioa’, giharretako mina, bihotzaren taupadak, soina ongarritu… iraun.
Baiarrateko trikuharri ederra bertako pista egin zutenean suntsitu zuten; a ze azioa! Zertarako balio dute, bada, harritzarrok?
Lareoko osina eder eta dizdirati dago, urrunean Agautz, Elorreta eta Sarastarri dituela.
Malkorburuko leizera doaz urtegiko soberakinak, Agauntza ibaia hornitzearren. Beheraxeago Akerreta; Maiziegi errekaren etengabeko soinua. XX. mendean Elkorriko lantegian tinta egiteko basotik pago-egurra eramaten zuten Aranaren errailean. Hortxe dago, garaian lekuko, mailo-zulo edo tunela. Haraino, ordea, mandoek, mandazainek eta mandabideek bazuten estimazioa eta makina batentzat bizimodu bakarra.
Lizarrustin Marron Mongoliako kanpadenda prestatzen ari zen. Berak osatu eta jaso du osorik; igandean hurbilduko diren 120ren bat mongoliarren zain baitago. Aipatu digunez, Kaskagorriri buruzko dokumentala Hego-Koreako film-jaialdi batean lau onenen artean hautatu omen dute eta hara joateko gonbita jaso berri omen du.
Atarian Ehunmilak probako antolakuntzak jarritako karpa erraldoia. Guk honainokoa egin dugu; Etzegarate bitartekoa Arrondotarrei dagokie.