Beasainek bost partida jokatuko ditu 2016-17 denboraldia prestatzeko
Urtzi Arrondo entrenatzailearen ondoan ariko da aurten Unai Mendia beasaindarra. 26 jokalarirekin egingo du aurredenboraldia. Abuztuaren 28an hasiko da liga
Beasain KE-eko talde nagusia hasi da dagoeneko 2016-17 denboraldia prestatzen, abuztuaren 28rako, liga hasten denerako ahalik eta sasoi onenean egoteko. Hirugarren urtez, Urtzi Arrondo beasaindarra izango da entrenatzailea; aurten, Unai Mendia bigarren entrenatzaile beasaindarraren laguntza izango du. «Iaz bakarrik egon nintzen eta aurten Unai Mendia izango da bigarren entrenatzailea. Aurreko denboraldian Idiazabalgo entrenatzailea izan zen; berarekin jokatutakoa naiz», dio Arrondok.
Atezainen entrenatzailea ere berria izango da, Txema Benitez zumarragarra; hori ere Idiazabalen atezainen entrenatzaile izandakoa.
Hemeretzi jokalari
Hemeretzi jokalarirekin hasiko du denboraldia. Jon Zubeldia eskuin hegal asteasuarra (Hernanitik etorria) eta Josetxo Lapoujade ezker hegal donostiarra (Oxfordetik etorria) dira taldean izen berriak. Bi horiekin batera, Beñat Bereziartu lazkaotarrak eta Imanol Irazustabarrena alegiarrak aurredenboraldia taldearekin egingo dute, proba moduan: «Proba bi aldeetatik: batetik, guk beraiek nola ikusten ditugun ikusteko, eta bestetik, beraiek taldean nola ikusten diren ikusteko», dio Arrondok.
Dena den, aurredenboraldirako harrobiko beste sei jokalari ere deitu ditu Arrondok: preferente mailako Koldo Galarreta, Julen Etxeberria eta Danel Cuellar, eta jubeniletako Andoni Escalona, Jon Garin eta Eñaut Mendia. «Etxeberria eta Cuellar ziurrenik talde nagusiarekin ariko dira urtean zehar, baina fitxa preferentekoa dute, bestela ezingo lukete preferentearekin jokatu».
Talde gaztea, ilusioz betea
Aurreko denboralditik Xabi Valdorrek, Mikel Urzelaik, Mikel Diezek, Ander Olaizolak eta Oier Artolak utzi dute taldea. «Egia da utzi duen jendea kalitateko jendea izan dela, baina taldea gaztetu egin da; kalitatez agian jaitsi egin gara, baina gazteek duten ilusio puntu hori gehiago daukagu», zehaztu du. Iker Garmendia beasaindarraren kasua aipatu du: «Iker Garmendia lehenengo taldearekin ariko da, Realak fitxatu du baina utzita gurekin ariko da».
Gero eta beasaindar gehiagok talde nagusian lekua izatea da klubaren helburuetako bat. Aurten aurre denboraldia, herriko hamar jokalarik egingo dute; bi entrenatzaileak ere beasaindarrak dira.
Kirol aldetik, berriz, 2.B mailara igotzeko fasea jokatzeko lau postuetako bat lortzea dute helburua, «bukaerara arte goiko postuetarako borrokan aritzea nahi dugu. Ea zorte puntu hori dugun».
Beasain KE-ko jokalariak jokalariak
Hemeretzi. Jon Iturbe, Unai Etxeberria, Jon Zubeldia (berria), Aritz Imaz, Javi Kintana, Iñigo Izagirre, Jon Manuel Vega, Josetxo Lapoujade (berria), Aitor Imaz, Oinatz Orue, Aiert Ordoñez, Jon Iglesias Txistu, Xabier Jimenez Tximen, Ivan Claver, Pablo Balerdi, David Asensio eta Iker Garmendia.
Proban. Beñat Bereziartu lazkaotarra (Antiguokotik etorria, ezker hegala) eta Imanol Irazustabarrena alegiarra (Intxurretik, aurrelaria).
Beheko taldeetakoak. Koldo Galarreta, Julen Etxeberria, Danel Cuellar, Andoni Escalona, Jon Garin eta Eñaut Mendia. Bajak. Xabi Valdor, Mikel Urzelai, Mikel Diez, Oier Artola eta Ander Olaizola.
Aurredenboraldiko partidak.
Uztailak 23, Real Unionen aurka, Beasainen.
Uztailak 30, Berioren aurka, Donostian.
Abuztuaren 13an, Hernaniren aurka, Hernanin,
Abuztuaren 17an, Pasaiaren aurka, Beasainen.
Abuztuaren 20an, Hondarribiren aurka, Hondarribian.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.