Iturgaitzagan, Elosegi kalea bidegurutzeraino berritu eta Iturraldea asfaltatuko du. San Prudentzio eta Mikelar inguruak ere konponduko ditu. Aresoko goiko zubia zabalduko dute
Lazkaoko Udalak hainbat urbanizazio lan burutzeko asmoa agertu du, hurrengo asteetan hasi, eta hilabete batzuk barru gauzatzeko. Dauden azpiegiturak berritzeko eta «balioan jartzeko» politikaren barruan, lau proiektu ditu esku artean; batzuk exekuzioa hasteko bideratuta ditu jada, eta besteak proiektu fasean.
Aurreratuena dagoena Iturgaitzagako urbanizatzea da. Elosegi kale bukaeran eraikitzen ari diren etxe berrien paretik Hiribarrengo bidegurutzera arteko kale-zatia berrituko du udalak. Atzeko aldera ere kalexka bat sortuko dute, orain altxatzen ari diren etxeen albotik.
Bestetik, Iturgaitzagako sailaren erdian obra hasieran ireki zuten bidea asfaltatu, eta Iturraldea kalearekin batuko dute. Zirkulaziorako erabilgarri ipiniko dute bide hori.
Lana Lazkao Lantzen enpresa publikoak sustatu du, eta gero Iturgaitzagako promozioak ordainduko du; udalak ere badu dagokion portzentaia hor. Lanak lehiaketa ireki bidez emango dituzte. Felix Urkola alkateak esan duenez, aste honetan bertan izendatu nahi dute eraikitzailea. Obrek 723.934 euroko oinarrizko aurrekontua dute.
Iritzia emateko aukera
Birrurbanizazio lanen artean, udalak bi ditu esku artean. San Prudentzion, Olaberrirako errepide ondoko espaloia berritzeko proiektua idazten ari dira. Bestetik, Mikelar auzunean falta den eremua berritu nahi du, eta aparkalekuak berrantolatu. Hirigoien kalean, zirkulazioa norantza bakarrean jarri nahi dute, Jose Lasatik beherantz. Espaloia konpondu eta bidegorria erantsiko diote, aldi berean.
Bi urbanizatze lan horietan, herritarrek iritzia emateko aukera dute. Etxeetara proiektuaren ezaugarriak, asmoak eta ekarpenak egiteko txosten bat banatu dute. Ekarpenak jasotakoan zehaztuko dute behin betiko proiektua. Kostuaren eta finantzazioaren arabera, noiz burutu ahalko diren definituko du gero udalak.
Azkenik, Aresoko zubia —San Inazio etxadi ondokoa— zabaldu nahi dute. Bi aldamenetara bina habe bota, eta 2-3 metroko espaloi bana irabazi nahi da.
Gurutzen lanak bukatuta
Gurutze eta Hirigoien bukaeran espaloiak berritzeko lanak amaitu dituzte. Bidegorria asfaltatu dute, irisgarritasuna hobetu, zoruan labain ez egiteko tratamendua bota eta garbitu egin dute.
Gurutzeko kirol pista berrituko dute orain, zoruan belar artifizial hondartsu bat botata (Olaberriko kaskoko pistakoaren antzekoa). Belar mota behin ze- haztuta, lanak hastear direla dio alkateak. Ingurua hesituko diote, eta kirol ugari egiteko tresnekin hornituko dute: futbola, saskibaloia, tenisa, boleibola…
San Prudentzion mantentze lanak egingo dituzte, Gurutzekoen jarduera berean. Kirol kantxa ere konponduko dute, baina zorua aldatu gabe, azpian garajeak daudelako.