Finaletako partidak 20:00etan hasiko dira finalak Beti-Alai pilotalekuan. Andoain eta Gasteiz lehiatuko dira bai larruzko paleta finalean eta baita pala motzeko finalean ere.
Euskal Herriko Herriarteko Erreminta Txapelketaren finalak atzo aurkeztu ziren Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan. Bertan izan ziren udal ordezkariak, Euskal Herriko Pilota Federazioko ordezkariak eta herriko hainbat pilotari. Gaur, 20:00etan hasiko dira partidak.
Andoain-Gasteiz finala
Beti-Alai pilotalekuan, Andoain eta Gasteiz izango dira aurtengo Euskal Herriko Herriarteko Erreminta Txapelketaren lehen finalaren protagonistak. Erremintako lehia erabakigarria izango da, larruzko paletan eta pala motzean.
Aipatutako bi taldeek aurtengo edizioan izan duten ibilbideari dagokionez, Gasteizek egungo txapelduna den Sestao kanporatu zuen. Bizkaian, etxekoek larruzko paletako partida 28-35 irabazi, eta pala motzekoa galdu egin zuten (40-24). Gasteizen, berriz, alderantziz gertatu zen: Sestao 40-31ko emaitzarekin nagusitu zen pala motzean eta larruzko paletan, berriz, amore eman zuten, gasteiztarrek eta 18-35 egin zuten.
Andoainek, ordea, Gipuzkoan garaile atera ondoren, ez zuen Iruñearen kontrako finalerdia jokatu, azken talde hori txapelketatik erretiratu egin baitzen. Beraz, andoaindarrak errodaje gutxiagorekin helduko dira gaur arratsaldeko norgehiagokara.