Garaguneko kideak komunitatearen parte sentiaraztea da helburua. Hasi dira pinuak egiteko kartoiak prestatzen. Aizkorri kaleko lokalean jasotzen dituzte kafe kapsulak

Legazpiko Garagunean hasi dira dagoeneko Gabonetako dekorazioan pentsatzen. Udako oporraldia oraindik iristeko, eta urte amaierakoa dute buruan. Herrian zehar jartzeko Gabonetako pinuak ari dira prestatzen. Aste honetan hasi dira. Pinua egiteko, kafe kapsulak behar dituzte, eta herritarren kolaborazioa eskatu dute. Garagunean ari dira kapsulak jasotzen, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 15:30era. Herritar batzuek dagoeneko eraman dituzte kapsulak. Ez dago hustu beharrik.
Kartoiarekin eta kafe kapsulekin egingo dituzte pinuak. Kartoiekin biribil batzuk egiten ari dira, tamaina ezberdinetakoak. Handiena, 70 zentimetroko diametroa duena, oinarrian jarriko dute. Gainean, buelta osoan, koloretako kapsulak jarriko dituzte. Kapsulen gainean, tamaina txikiagoko kartoia. Ondoren, berriro kapsulak. Eta horrela, kapak eta kapak osatuko dituzte, gero eta estuagoak, pinuaren itxura lortu arte. Guztira, hamazazpi pisu izango ditu pinu bakoitzak. Iaz Azpetiko Garagunean egin zuten proiektu bera, eta handik hartu dute ideia.
Udaletxean jarriko dute

Oraindik ez dakite pinu guztiak non jarriko dituzten, baina herriko elkarteekin kolaboratzea da asmoa, adibidez, Ilinti merkatari elkartearekin. Eta pinuetako bat, ziur, udaletxean jarriko dute. Paulina Garcia Garaguneko erabiltzaileari «ilusio handia» egiten dio berak egindako pinuak herrian ikusteko aukera izateak. «Asko gustatzen zait Gabonetako apaingarriak egitea, eta oso ondo pasatzen ari naiz pinua egiten», adierazi du.
Iaz ere egin zituzten Gabonetako apaingarriak Legazpiko Garagunean. Kartulina eta purpurina erabilita, zuhaitzetarako apaingarriak egin zituzten.
Horrelako proiektuek helburu argia izaten dute: Garaguneko erabiltzaileak komunitatearen zati sentiaraztea. «Garrantzitsua da beraiek ikustea gai direla komunitatean parte hartzeko, eta jendeak baloratzen duela haien lana», azaldu du Eli Bernaras monitoreak.
Bestalde, herritarren artean Garagunea ezagutaraztea ere bada helburua. Era berean, birziklapena sustatzea, eta kafe kapsula batzuk soilik erabilita «zein gauza politak» egin daitezkeen ikustea.
Legazpiko Garaguneak hamabost erabiltzaile ditu, eta hiru monitore.