«Txikitatik nire idoloak izan direnekin ari naiz jokatzen, izugarria da»
«Errugbiarekin nire ametsa bete dut». Horiexek izan dira irribarrea ezpainetatik kendu gabe, Amaia Erbina (Ordizia, 1997) errugbilariak esandako lehenengo hitzak. Abuztuan Brasilgo ...
«Errugbiarekin nire ametsa bete dut». Horiexek izan dira irribarrea ezpainetatik kendu gabe, Amaia Erbina (Ordizia, 1997) errugbilariak esandako lehenengo hitzak. Abuztuan Brasilgo Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du Espainiako selekzioarekin, zazpiko errugbian. «19 urte bakarrik ditut eta ez nuen espero hain azkar etorriko zenik dena».
Familia errugbilari bateko alaba zara. Trevijanoko lokatzetan errugbian jokatzen hasi eta Rioko Olinpiar Jokoetara iritsi zara. Zein izan da orain arteko ibilbidea?
Trevijanon hasi nintzen bai errugbian, 5 urterekin. Mutilekin hasi nintzen entrenatzen, Beñat anaiarekin, ni baino bi urte zaharragoekin, nire adineko mutilik ez zegoen eta. 16 urtera arte jokatu nuen Ordizian, mutilekin. 16 urterekin neskek ezin dute mutilekin jokatzen jarraitu eta Hernanira joan nintzen, gertuen zegoen emakumezko taldea zelako. Denboraldi bat egin nuen.
Baionan ere jokatu zenuen.
Bai. Frantziako emakumezkoen mailari buruz informazioa biltzen aritu nintzen, hemengoa baino liga hobea delako, eta Baionara joan nintzen. Frantziako bigarrenak gelditu ginen, 18 urtez azpiko ligan. Hemen ezin da pentsatu ere egin horrelako liga bat egotea. Zoragarria izan zen.
Iazko irailean, berriz, Bartzelonara joan nintzen unibertsitate ikasketak egitera; Inefeko taldearekin hasi nintzen errugbian. Baina azkenean ikasketak utzi egin nituen, zazpiko errugbiko Espainiako taldean lekutxo bat izan nezakeela ikusten nuelako. Ikasketak utzi eta Madrilera joan nintzen.
Apustua egin eta helburua lortu duzu, beraz.
Bai. Iaz kontzentrazio guztietara joaten nintzen, baina hemezortzi neska geunden eta torneoetara hamabi joaten ziren. Ni ez nengoen hamabiko taldetxo horretan. Bartzelonan nengoenean, talde finko horretan sartzeko aukera nuela ikusten nuen. Orduan kontzentrazio guztietara joaten hasi nintzen; 2016ko torneo guztietarako hartu ninduten. Azkenean Rioko Olinpiar Jokoetara joango naiz. Urte borobila izan da. Inefekin Espainiako txapelketa irabazi dugu… Unibertsitateko ikasketak ezin izan ditut aurrera eraman, baina nik uste dut merezi izan duela apustua egitea. Ondo atera zait.
19 urterekin iritsi zara helduen taldera. Gazteenetakoa izango zara, ezta?
Bai. Bataz besteko adina 28 urtekoa izango da. Zaharrenak 34 urte ditu eta gazteena ni naiz, 19 urterekin. Bigarren gazteenak 23 urte ditu. Espainiako taldea nahiko beteranoa da. Datorren urtean belaunaldi aldaketa egongo da. Dezentek utzi egingo du errugbia. Txikitatik nire idoloak izan direnekin ari naiz jokatzen, izugarria da.
Urtean zehar 15eko errugbian jokatzen duzue eta Olinpiar Jokoetan zazpikoa. Zein alde dago bien artean?
Pentsatu, errugbi zelai berdinean, hamabost jokalariren ordez zazpi jokalari izatea. Fisikoki aldaketa izugarria da; atleta bat izan behar da. 7 minutuko bi zati izaten dira eta bigarren minuturako lehertuta zaude. Fisikoki lan asko egin behar da elite mailan jokatzeko.
15eko errugbian ezaugarri fisiko desberdinetako jokalariak behar izaten dira. Zazpikoan?
Zazpikoan abiadura ezinbestekoa da; indarra eta jokorako ikuspegi ona ere bai. Teknikoki askoz gehiago behar da. Paseak ez dira bost metrokoak, 15 metrokoak baizik. Birikak topera eduki behar dira. Entrenamendu fisikoak asko egiten ditugu.
Zein postutan jokatzen duzu?
15ekoan erdilaria, 12. zenbakia naiz; zazpikoan aurrelaria. Hala ere, zazpikoan postu guztiak antzekoak dira. Zazpikoan jakin behar duzu korrika egin behar duzula, plakatu egin behar duzula eta pasatu egin behar duzula. Zazpikoan edozein postutan aritzen gara. Uztartzean sartzen eta touchean altxatzen orain ikasi dut. Asko gustatzen ari zait, gozatzen ari naiz.
«Zazpiko errugbian ezinbestekoa da abiadura; indarra eta jokorako ikuspegia ere bai»
«Rion 8. eginda beka jasoko genuke; errugbitik bizitzeko aukera izango nuke»
«Etorkizunean entrenatzailea izan eta nesken errugbi taldea sortzea da nire ametsa»
Errugbiak kirol astakilo samarraren fama du. Zazpikoak ere bai?
Ez dago hainbesteko kontakturik, espazio gehiago izanda dinamikoagoa da. Egia da, neska asko hasten direla zazpiko errugbian, ez dagoelako hainbeste kontaktu eta borroka. Olinpiar Jokoetan ikusiko dugun errugbia izugarria izango da. Errugbia ezagutzen ez duen pertsona batentzat kirol berri bat izango da, eta gustatuko zaio. 100 urte beranduago, gainera, Olinpiar Jokoetan lehenengo aldiz izango da gainera errugbia.
Orain neskekin ari zara jokatzen baina 16 urtera arte mutilekin jokatu zenuen. Gogorra egin al zitzaizun?
Egia esanda, taldean neska bakarra izatea gogorra egiten da. Nesken talde bat agian ez, baina eskertuko nuke taldean beste neskaren bat egongo balitz. Behin baino gehiagotan pentsatu izan nuen errugbia uztea. Baina gurasoek animatzen ninduten aurrera jarraitzea. Aitak beti esaten zidan jarraitzeko, iritsiko zitzaidala nire saria. Azkenean jarraitu egin nuen eta saria iritsi da bai.
Mutilekin jokatzeak abantailarik badu?
Asko. Selekziora iritsi nintzenean berehala esan zidaten, nola nabaritzen zen mutilekin jokatutakoa nintzela. Kontaktu maila hori eta plakatzeko ausardia hori eman zidan mutilekin jokatzeak. Txikitatik nago ohituta ni baino mutil handiagoak plakatzen. Selekzioko neskek inbidia handia daukate. Txikitatik kirol hau ezagutzeko aukera dugulako zortea dugula esaten didate. Ni oso eskertuta nago.
Amets bat bete duzu, Espainiako selekzioarekin Rioko Olinpiar Jokoetara joatea. Hemendik aurrera nola ikusten duzu zure burua?
Goraka eta goraka. Aurten Madrilen hasiko naiz ingeles filologia ikasten eta hango talde batekin jokatuko dut. Talde onak daude Madrilen, maila ona dago. Selekzioari dagokionean, 2020ko Tokioko jokoetan pentsatzen ari naiz. Rion hamabi taldek hartuko dugu parte eta zortzigarrenetik gorako taldeek, beka lortzen dute. Olinpiar Jokoetara joaten diren kirolarientzako beka da. Rion paper on bat egiten badugu, datorren urtean beka izango genuke. Erretiratzen diren jokalarientzat esperientzia bat da Rio, baina niretzako etorkizuna da.
Beka hori zer izaten da?
Ikasketetarako eta bizitzeko dirua. Ekonomikoki ezin hobeto etorriko litzaidake. Madrilen Joaquim Blume erresidentzia dago, Olinpiar Jokoetara joaten diren kirolarientzako erresidentzia da. Bertan bizi eta ikasten dute. Beka hori izugarrizko laguntza izango litzateke niretzat, bertan bizitzeko aukera izango nuke.
Zortzigarren postu hori lortzeko zein aukera duzue?
Nik uste dut Rion zortzigarrenak egingo dugula. Selekzio oso indartsuak daude, Australia eta Zeelanda Berria bezala, baina nik uste dut, zalantzarik gabe, zortzigarren postua behintzat lortuko dugula.
Errugbitik bizitzeko aukera eskuan duzu, beraz?
Bai. Egia esan orain, Espainiako errugbiarentzat aldaketa handia izango da. Olinpiar Jokoetara joanda, neska gehiagok errugbia ezagutzea, telebistan errugbia ikustea ekarriko du; errugbia haztea eta zabaltzea. Errugbiaren historiarako oso ona izango da.
Ordizian, neska gutxi batzuk badabiltza errugbian. Zein mezu emango zenieke?
Jarraitzeko. Etorkizunari begira asko gustatuko litzaidake entrenatzailea izatea. Nesken talde bat sortzea litzateke nire beste amets bat. Nire esperientzia neska txikiei transmititzea eta neska txiki horiek nik izan dudan aukera izatea, niretzat zoragarria litzateke.