Gerra iritsi da Goierrira
Militarrak Afrikan altxatu dira, eta biharamunean penintsulan zabaldu da kolpea. Goierritarrak azti ipini dira. Uztailaren 24an nafar erreketeek Zegama, Segura, Zerain ...
Militarrak Afrikan altxatu dira, eta biharamunean penintsulan zabaldu da kolpea. Goierritarrak azti ipini dira. Uztailaren 24an nafar erreketeek Zegama, Segura, Zerain eta Mutiloa hartu dituzte. 25ean, Ataun-Lazkao.
Uste baino lehenago jo behar izan dute militarrek estatu kolpea. Uztailaren 18 goizerako jarrita dauka Mola jeneralak ordua, baina Melillan bezpera arratsaldean (1936-7-17, ostirala) altxatu ziren Espainiako Marokoko Protektoraduko ofizialak. Euren armategi ezkutua aurkituko zietela jakin zutelako.
Astelehen honetan (2016-7-18), 80 urte beteko dira 1936ko gerra lehertu zenetik. Gerra zuzenak 65 egun iraun zuen Goierrin, 1936ko uztailaren 18tik irailaren 20ra.
Goiberri astekariak sei erreportajeko seriea hasi du, gaur. Astekako kontakizunean, Goierrin gerra-egunetan egunero zer gertatu zen aurkeztuko du.
1936-7-18, larunbata
Militarren kolpea penintsulan zabaldu da. Komandantzia askok bat egin dute Errepublikaren agintearen aurka. Goierrin ere zain zeuden karlistak eta erreketeak. Eta prest. Ordizian, Circulo Tradicionalistaren aurrean errekete talde bat guardia egiten egon da. Goitik ez zaie matxinatzeko agindurik iritsi eta alde egin dute, Aralartik Uhartera, Benedicto Barandalla karlista etxarriarraren taldera.
Gipuzkoako erreketeen buru Agustin Telleria antzuolarrak Alvaro Etxezortu ordiziarrari aspaldi agindu zion Ordizia, Zaldibia, Itsasondo, Arama, Legorreta, Altzaga eta Gaintzako karlistekin errekete talde bat antolatzeko eta trebatzeko. Zirkuloan eman die, hilabeteetan, instrukzio militarra. 115 gizon prest zeuzkan, gaurko.
1936-7-19, igandea
Iruñeko Diario de Navarra-k «¡Viva España!» batekin ireki du azala. Gerra egoera deklaratu du Molak, Nafarroan. 10:00etan Espainia guztiari bidali dio mezua, Radio Navarra irratitik.
Beasainen, EAJren Batzoki berria inauguratu dute, gaur, bazkari batekin. Goierriko Alkartasuna elkarteak eraiki du hiru solairuko egoitza, frontoi handi eta guzti. Kolpe hotsak badira, baina festa burutu dute. Oraindik ez dakite 9 egun barru altxatuek bereganatuko dutela Batzokia, eta gero Falangearen egoitza jarriko dutela han, 1976an elkarteari itzuli arte. EAJren izenera 1997an pasako zen, eta 2006an eraitsiko zuten, orubean etxeak egiteko.
Gipuzkoan, Frente Popularraren defentsa batzordeak sortzen hasi dira. Arrasaten, gaur. Irunen eta Hondarribian, bihar; Tolosan, Zumarraga-Urretxun… Ezkerrekoak sartu dira gehienak; jeltzaleak zer gerta ikusmiran, oraingoz.
1936-7-20, astelehena
Molak Gipuzkoa «azkar» konkistatu nahi du. Gaur abiatu dira tropak, Nafarroatik Gipuzkoarantz. Beorlegi Beran kokatuko da, Ortiz de Zarate Donezteben, Cayuela Altsasun, eta beste talde txiki bat Lekunberri-Betelu aldean. Posizio egonkortuta abiatuko dute konkista.
Cayuela teniente koronelaren zutabea (Arapiles Mendiko Batailoiko 2. konpainia) Lizarratik abiatu da , eta gaur bertan Altsasu hartu du.
Albizu eta Malcampo komandanteek Segura eta Ataun hartzeko zeregina dute. Beasain eta Goierri konkistatu, eta Oria ibarrean aurrera Donostia hartzea dute misioa.
Ataunen, anarkista eta komunista talde batek Kaxetako zubia lehertu du, Lizarrustiko bidea eskuindarrei indargabetzeko. Egunotan, Nafarroan atxilotutakoak fusilatzera ekarri dituzte, Lizarrustira: Elkorrin (Quifosa), aldapan behera Iraubeltzeko bihurgune inguruan, Kaxetatik gora eskuineko lehen bordan… tiroka hil dituzte kolpistek hainbat pertsona.
1936-7-21, asteartea
EAJ lerratu da, altxamenduaren aurrean bere jarrera ofiziala Euzkadi egunkarian aterata. BBBko Pantaleon Ramirez de Olanok idatzi du oharra: «Hiritargoaren eta faxismoaren, Errepublikaren eta Monarkiaren borrokan, hiritargoaren eta Errepublikaren alde» egin du.
Donostian, Loiolako kuarteleko militarrak matxinatu dira. Donostia hartzeko plana martxan jarri dute, gaur.
Goierrin, lehen atxiloketak egin dituzte errepublikazaleek. Eskuindarrak atzeman dituzte. Ormaiztegin, geltokiko burua eta bainuetxean zegoen diputatu bat atxilotu dituzte. Beste askok ihes egitea erabaki dute.
1936-7-22, asteazkena
Donostian borroka gogorrak hasi dira. Militar altxatuen zutabe bat goizaldean irten da Loiolatik, erdigunea hartzera. Enfrentamendu bortitzak, errepublikazaleek aurre egin dietelako. Militarrek ez dute lortu hiria hartzerik, eta eraikin batzuetan gotortu dira: Maria Cristina hotelean, Itsas Komandantzia Militarrean, Nautikoan…
1936-7-23, osteguna
Donostian, Maria Cristinan zeuden militarrak errenditu dira. Loiolako kuartelean matxinatuta jarraitzen dute, ordea. Errepublikazaleek setiatua dute. Porrot egin du altxatuen asmoak, Donostia azkar konkistatu eta Gipuzkoa bereganatzekoak.
Goierritik borrokalari errepublikar asko joan da, Donostiaren defentsara. Beasaindik eta Ordiziatik hainbat kamioi irten dira, Loiolako kuarteleko borroketara (uztailaren 24tik 28ra).
1936-7-24, ostirala
Albizu komandantea, Arapiles batailoiaren buru, Otsaurtetik Zegaman sartu da, 400 bat gizonekin. Herria hartu du. Aurrera jarraitu dute militar, errekete eta falangista tropek, eta Segura, Zerain eta Mutiloa hartu dituzte.
Malcampo komandantea Lizarrustira iritsi da, iluntzean. Arbitrio etxeko mikeleteak erresistentziarik gabe menperatu dituzte. 350 bat soldadu dira, Caparrosoko Tertzioko erreketeak tartean, Iruñetik Etxarrira tren militar batean ekarriak. Han da Lazkaoko markesaren seme gaztea ere, aitak bidalia.
Errepidez segi beharrean, mendi bidetik jo dute, Marumendi aldean gaua pasatzeko.
Patricio Etxeberria industriaria ihesi mendiz: ‘Ardiak ondo, Martin Joxe’
Goierriko zenbait pertsonaiak mendiz ihes egin dute, altxamenduarekin ados egon, eta eremua errepublikazaleen aldeko geratu denean. Ormaiztegiko eta Legazpiko ihesbidea Lierni eta Aztiria izan da, uztailaren 21etik aurrera, handik Urbia zeharkatu eta Arabara —altxatuen eremura— iristeko.
Patricio Etxeberria industriari legazpiarrak hala ihes egin du, baita Ormaiztegiko bainuetxeko jabe Antonio Izuzkizak, Guillermo Lasa lagunak, Jose Mujikak (Serapio Mujika historialariaren semea) edo Guillermo Aldir militarrak ere.
Aztiriko apaiz Miguel Odriozolak, karlista amorratua, ihesbidea jakin du, eta proposatu die Arantzazura salbu iristen badira, bidal diezaiotela Aztiriara telefonema bat, klabean: ‘Ardiak ondo, Martin Joshe’. Hala egin dute iheslariek. Baina Aztiriko telefonistak tabernan komentatu, han zeuden miliziarrek susmoa hartu, eta alarma piztu da, errekete zutabe bat badatorrela ulertuta.