Industria arloko enpresa txikiek jardunaldi batean parte hartu dute
Zumarragako Udalak herriko industria enpresa txiki eta ertainentzat jardunaldia antolatu du. Herrian industria alorreko 19 enpresa ertain eta txiki daude eta horietatik 14k parte hartu dute. Egitasmo horren helburua udalak
Zumarragako Udalak herriko industria enpresa txiki eta ertainentzat jardunaldia antolatu du. Herrian industria alorreko 19 enpresa ertain eta txiki daude eta horietatik 14k parte hartu dute. Egitasmo horren helburua udalak beraientzat dituen diru laguntzen berri ematea eta elkarlana bultzatzea izan da.
Jardunaldia atzo egin zuten Antioko interpretazio zentroan. Irekiera Mikel Serrano alkateak egin zuen eta, ondoren, Rosa Maiza Ekonomiaren Sustapena, Herri Garapen eta Berrikuntza zinegotziak ikerketa, garapen eta berrikuntzarako dituzten diru laguntzen berri eman zuen.
Bukatzeko, hiru hitzaldi egon ziren. Guillermo Ulaziak enpresen arteko lankidetza ekimenaz hitz egin zuen. Ulazia Espainiako patronaleko industria eta energia batzordeko presidentea eta metalaren patronaleko presidenteordea da.
Carlos Pujana Euskal Herriko industria enpresa txiki eta ertainen erronkez mintzatu zen. Pujana Euskadiko lan sozietateen presidentea eta Izar enpresako kudeatzailea da. Teknikerreko Idoia Etxabe eta Patxi Lopezek, berriz, lehiakorragoak izateko azterketak aurkeztu zituzten.
Maizak bere saila berria dela eta helburuetako bat industria bultzatzea dela gogoratu du. «Zumarragan enpresa txikiak dira nagusi. Ibilbide luzea dute, baina lan asko ere bai. Hori dela eta, Uggasa garapen agentziarekin eta UGLE lanbide eskolarekin batera, lagundu egin nahi diegu. Garai berrietara moldatzea funtsezkoa da eta hori lortzeko Teknikerrek Eibarren abian jarri zuen egitasmoa Zumarragara ekarri dugu. Lehiakortasuna hobetzea helburu duten ikerketak egiteko diru laguntzak emango dizkiegu. Ikerketaren %90a finantzatuko dugu, 3.000 eurora arte».
Udalak 20.000 euro bideratuko ditu. Eibarren 9.000 eurorekin hasi ziren eta aurten 134.000 euroko aurrekontua dute.
Atzoko jardunaldiaren bigarren helburua elkarlana bultzatzea izan zen. «Gure sailaren helburuetako bat industria bultzatzea dela esan diegu. Elkar ezagutzea eta guri eskaerak luzatzea nahi dugu. Azken finean beraiek dira aktoreak. Gure lana beraiei gauzak erraztea da».