Aralarko pistaren proiektuaren berri eman eta salatzeko Donostian prentsaurrekoa eman dute Landarlaneko kideek eta Naturkoneko bozeramaileak./Aimar Maiz
Enirio-Aralarko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Aralarren “bihotzeraino” mendi-pista bat zabaltzeko proiektua egin nahi dutela jakinarazi du, gaur eguerdian, Naturkon natura taldeen elkargoak, Donostian. Saltarriraino pista egin nahi dute, 4,3 kilometro luzekoa eta 3,5 metro zabalekoa. 96 metro luzean, bestetik, bost metro altuko harrizko lubeta bat ere aurreikusten da.
Aralarren Mankomunitateak ireki nahi duen pistaren trazatua, Naturkonek gaur erakutsi duena./Aimar Maiz
Proiektuari buruzko informazio falta salatzeaz gain, ingurumenean “inpaktua” eragingo duela gaitzetsi du Naturkon elkarteak. Aralar mendi publikoa dela gogorarazi, eta “herritar guztien interesak kontuan hartuta” kudeatu behar dela gehitu du. Bestetik, pista irekitzeak Aralarko naturaren balioa kolokan jarriko du, Naturkonen arabera. Azterketa nahikorik ere ez da burutu (azterketa geoteknikorik eza, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua, aztarnategi paleontologikoak kontuan ez hartzea eta akuiferoen eragina aipatu dituzte). “Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planak dioen bezala, bide-azpiegituren planik ez da eratu aurrez”.
Proiektuaren kontsulta epea ostiralean bukatuko da. Zaldibian, Aralar SOS! ekimena antolatu dute, eta bihar, uztailak 21, 09:45etik 11:00etara eta 18:00etatik 20:00etara proiektuari egin zaion alegazioa sinatzeko aukera jarriko dute.