Ordizia beti gazte
Ordiziako Gazte Informazio Zerbitzuak 25 urte bete berri ditu. Urte hauetan guztietan egindako lana oparoa izan da, eta garaian garairako beharretara egokitzea ...
Ordiziako Gazte Informazio Zerbitzuak 25 urte bete berri ditu. Urte hauetan guztietan egindako lana oparoa izan da, eta garaian garairako beharretara egokitzea izan da zerbitzu aktibo eta bizi bat mantentzeko sekretua.
Ordiziako Gazte Informazio bulegoak 25 urte bete ditu aurten. 1991ko uztailaren 1ean sortu zen, Ordiziako gazteei informazio zerbitzua emateko asmoz. Hasiera-hasieratik Koro Ruiz izan da bulegoko arduraduna. eta berarekin egin du GoiBerri aldizkariak mende laurdeneko ibilbidearen errepasoa.
Ordiziakoa 1991. urtean sortu bazen ere, Gipuzkoan Gazte Informazio Bulegoen garapena lehenagokoa da. Ruizek esan duenez, «1985etik aurrera hasi ziren bulego gehienak egituratzen». Urte hura Gazteriaren Nazioarteko Urtea izendatu zuten, eta haren gerizpean eman zitzaien forma lehenengoz gazteak helburu zituen zerbitzu bati. «Gazteei gizartean eta lan munduan integratzeko autonomia erraztuko zien zerbitzu baten beharra ikusi zen», eta helburu harekin eman zituzten lehendabiziko pausoak. Hala, «gazteei zuzendutako programen, ikasketen edo diru-laguntzei buruzko informazioa ematen eta hurbiltzen» hasi ziren, baita kolektibo horretarako interesgarria izan zitekeen edozeri buruzko informazio biltzen ere.
Ibilian-ibilian 25 urte
Askorako ematen dute 25 urtek, ordea, eta aldaketak handiak izan dira azken urteotan: «Gizartea asko aldatu da, eta zer esanik ez komunikatzeko moduak. Gazte zerbitzuak, egungo errealitatera eta gazteen behar berrietara egokitu behar izan du». Udaletxean eta administrazioaren aurrean «bitartekari lanak» ere egiten ditu. Ordizian Gazteria saileko zerbitzua izatera pasa da eta sailean bertan diseinatzen dira haur, nerabe eta gazteentzako egitasmoak.
Gazte Informazio Zerbiztuen historia etengabeko eraldaketari lotuta egon da beti. Oraintxe bertan ere, hausnarketa fase batean sartuta daude. «Zerbitzua herriko egoerara egokitzen ari gara ditugun baliabideak erabiliz eta berriak aztertuz, gazteekin eta gazteentzat». Gainera, udaleko zerbitzuekin elkarlanean ere ari dira «gazteriari buruzko ikuspegi orokor eta integrala osatuz». Informazioa, orientazioa eta aisialdiko heziketa ematen ditu, eta adierazpenerako eta partaidetzarako, eta sorkuntzarako eta produkziorako bideak irekitzen ari da.
Lehen eta orain gazteei interesatzen zaizkien gaiak antzekoak dira. Aldaketa kontsulta egiteko moduan nabaritu du batez ere Ruizek. «Gaur egungo gazteak galdera zehatzagoekin etortzen dira, informazioa lortzeko tresna eta baliabide asko baitituzte eskura». Ikasketak, zentroak, lan mundurako irteerak, diru-laguntzak, aisia, lankidetzarako programak, eta batez ere, lan eskaintzak eta oposizioak (publiko zein pribatuak) dira gazteei beti gehien interesatu zaizkien gaiak.
Baina, garaian garaiko gaiek ere markatu dute gazte informazio bulegoaren ibilia. «Gaur egun jada, zaharkituta geratu diren gaiak dira, baina garai batean kontzientzia-objekzioak eta intsumisioa bezalako gaiak eguneroko ogia ziren bulegoan», gogoratu du teknikariak. Aipatutako gaiez gain, Ordiziako Gazte Informazio zerbitzutik makina bat ekintza ere antolatu eta sustatu dira urte hauetan guztietan, «beldurrezko eta fantasiazko maratoia», adibidez. Baita sariak eta lehiaketak ere «Gomendatzen dizut izenekoa izan zen horietako bat, gazteek oporretarako lekuak proposatzean zetzan, beste batzuentzako informazio baliagarria eskainiz». Udalerri mailan, zenbait ekintza ere antolatu ditu data seinalatuetan: «Azokaren 500. urteurrenean esaterako, haur, nerabe eta gazteentzako jarduerak antolatu genituen beste gazte zerbitzuekin elkarlanean».
Sare sozialen garrantzia
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlana ere aspaldikoa da. 1990eko hamarkadan informazio bulegoek era autonomo eta independentean funtzionatzen zuten udalerrietan. Baina 1990eko hamarkadaren erdialdera Gipuzkoako Bulegoen sarea sortu zen gazteentzako interesgarriak diren gaiak elkarrekin jorratzeko. Etxebizitza, etxebizitzetarako sarbidea, prentsa-dosierrak, nerabeentzako informazio dosierrak… elkarrekin lantzen hasi ziren, «beti ere tokian tokiko berariazkotasuna galdu gabe».
Lehen paperean egiten zen dena, baina gaur Internetek eta sare sozialek berebiziko garrantzia dute. Hausnarketa fasearen baitan, uda ondorenerako blog edo komunikatzeko kanal berri bat osatzekotan dabiltza. Bitartean, sare sozialetan jarraituko dute presentzia izaten: Facebook-en, twitter-en eta instagram-en.