Ataundarren eta idiazabaldarren arteko topaketa Arantzamendin
Igandean egingo dute erromeria giroko festa, garai bateko ohitura berreskuratuz. Bi udalek eta abeltzainek antolatu dute
Idiazabalen eta Ataunen arteko muga egiten du Arantzamendik (641 metro). Baina muga ez ezik, elkargune ere bada. Urte askoan bi aldeetako abeltzainek bat egin dute bertan, eta erromeria leku ere izan zen. Bi herrietako gazteek egin zuten festa hura berreskuratzeko ahalegina. Orain ordea, Ataungo eta Idiazabalgo Udalen eta abeltzainen artean antolatu dute.
Arantzamendiko erromeria ezagutu zutenek kontatzen dutenaren arabera, uda partean egiten zuten; soinujolea joaten zen eta bi herrietako gazteak elkartzen ziren, sueltoan dantza egiteko. Agarrauan egiten zuenik ere izaten omen zen, baina ezkutuan, beti ere. Han inguruan dagoen iturria eta etxetik eramandakoak izaten zituzten jan-edan bakarrak.
Iganderako antolatu duten festa 11:30ean hasiko da. Hamaiketakoa emango dute, eta trikitilariek eta bertsolariek alaitutako giroa izango da. Garai batean egiten zen moduan, bi herrietatik oinez joateko deia egin diete herritarrei. Hala ere, nahiago duenak, kotxez igotzeko aukera ere izango du Olaberria aldetik, Oiarbide (Ojarbi) baserritik gora doan bidetik.
Berreskuratu nahian
Ataungo eta Idiazabalgo Udalek atera duten oharrak dioenez, «indartu beharrean dagoen ekimena» da festa hori. Izan ere, Arantzamendi «abeltzainen nahiz herritarren topaleku» bihurtu nahi dute, garai bateko erromeria giroa berreskuratzearekin batera. Hori dela eta, herritar guztiei egin diete igandeko festan parte hartzeko deia.













