Bi herri, bi familia
Beste zortzi haur bezala, Sualem, Sairum eta Alfatah, Saharako basamortuko Dakhla errefuxiatu kanpamentutik Goierrira etorri dira uda pasatzera. Sualem seigarren urtez ...
Beste zortzi haur bezala, Sualem, Sairum eta Alfatah, Saharako basamortuko Dakhla errefuxiatu kanpamentutik Goierrira etorri dira uda pasatzera. Sualem seigarren urtez eta Sairum bosgarrengoz, Ataungo familiaren etxeetan daude.
Hamahiru urteko Sualem eta 11 urteko Sairum sahararrak dira. Saharako basamortuan jaio eta bizi dira, Dakhla eskualdean, duela 40 urte Mendebaldeko Saharatik bota zituztelako, Espainiako, Marokoko eta Mauritaniako gobernuek egindako hitzarmenaren ondorioz. Baldintza gogorretan bizi dira. Uda garaian, gainera, beroa gehitu behar izaten zaio eguneroko bizimoduari.
1986az geroztik, Oporrak Bakean programari esker, 10 eta 12 urte bitarteko haurrak Europara bidaiatzen dute udan bi hilabeterako. Aurten, Euskal Herrian 450 haur daude; horietatik 103 Gipuzkoan eta 11 Goierrin (Ataunen, Beasainen, Zumarragan, Urretxun eta Legazpin). Programa hori aurrera eramateko beharrezkoa da haur horiek bi hilabetez etxean hartzeko familiak prest izatea. Goierriren kasuan gainera, Ataungo, Zaldibiako, Beasaingo, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko udalek ere bat egiten dute egitasmoarekin era bateko edo besteko diru laguntza emanez.
Bosgarrenez Ataunen
Uda garaian, Ataunen, hiru herritar gehiago izaten dira. Sualem, Sairum eta Alfatah. Hiru sahararrek beste familia bana eta lagun mordo bat gehiago dituzte Ataunen, eta irrikan egoten dira uztail hasiera iritsi eta Ataunera etortzeko. Sualem seigarren urtez eta Sairum bosgarrengoz etorri dira. Euskara ikasia dute eta ederki kontatu dizkiote Goiberriri Saharako bizimoduaren xehetasunak.
Lehenik eta behin Dakhla herri txikia dela adierazi dute. «Eta etxeak ere txikiak dira. Batzuk adobezkoak dira eta beste batzuk haimak». Iazko urrian astebetean euria egin zuela, uholdeak izan zirela eta etxeak erori zirela gogoratu du Sualemek. «Batzuk autoetan lo egiten zuten», gaineratu du Sairumek. Dakhla izan zen kalterik handieneko kanpalekua, hegoaldekoena eta urrutiena dago.
Pixkanaka etxeak eraikitzen ari dira. Sualemek zehaztu duenez, Ataunera etorri baino aste pare bat lehenago, argia jarria zuten. «Urik ez daukagu etxean; mangera egoten da herriko toki batean. Ataunera etortzen naizenetan, hasieran, ahaztu egiten zait iturria ixtea eta argia itzaltzea», dio Sualemek.
Dena den, ez da ohikoa Sualemen eta Sairumen herrian hainbeste euri egitea. «Bero handia egiten du han, eta gauean hotza». Tenperaturarik beroeneko hilabeteetan basamortutik ateratzeko, modu orekatuan elikatzeko eta mediku azterketak egiteko, garrantzitsua da haur sahararrak kanpalekuetatik ateratzea. «Bi hilabetez bada ere, errefuxiatu kanpalekuetako bizi baldintza gogorretatik ihes egiteko aukera dute.
Elkartasunari eta konpromiso politikoari esker da hori posible», dio Naroa Abalababide Sahararen Aldeko Goierriko Lagunen Elkarteko kideak.
Eskola eta futbola
Asteazkenetan eta ostiraletan izan ezik, eskolara joaten dira Sualem eta Sairum. «Lehen ostiraletan izaten genuen jai, iaz plan bat egin zuten eta asteazkena eta ostirala ditugu jai». Goiz eta arratsalde joaten dira eskolara, 07:30etik 14:30era eta 16:00etatik 17:00etara; «bazkaltzera etxera joaten gara». Matematika, arabiera, gaztelania… denetik ikasten dute. Sualemek aitortu du gaztelaniako eskolatik alde egiten duela. «Etxera joaten naiz eta amari esaten diot eskola bukatu dugula. Arropa kendu eta jolastera joaten naiz». Mantala janzten dute eskolara joateko.
Irakasle batzuk txintxoak direla diote; beste batzuk ez hainbeste: «Makilarekin jotzen gaituzte zerbait gaizki eginez gero. Nire ama txikia zenean ontzi bat jartzen zioten buru gainean eta jo egiten zuten», dio Sualemek.
Jolas garaian, «futbolean, futbolean eta futbolean» jolasten dute. «Txirrinduan ere ibiltzen gara. Area zapalduta egoten da zati batzuetan, gogor-gogorra eta han ondo ibiltzen da bizikletan». Handitan futbolariak eta auto gidariak izan nahi dute.
Ataunen ere baloia eta txirrindua esku artean izaten dute. Igerilekuan, hondartzan eta errekan ere freskatzen dira. Sairum Bernedoko udalekuetara joango da aurten ere: «Oso ondo pasatzen da. Igerilekua dago, mendira joaten gara, hegazkin asko ikusten ditugu…».
Ataunen pozik ibiltzen dira, baina Saharan ere bai. Urtero Ataunera etortzeko irrikan egoten dira, baina baita Sahara itzultzeko ere. Bi herri eta bi familia dituzte eta argi daukate erantzuna: «Bietan ondo egoten da».