Lasterketa irekia espero zuten gaur Ordiziako Klasikaren antolatzaileek, eta halakoxea izan da. Klasiken ohiko eskema jarraituz, erasoaldi ugari izan dira, baina Orica taldearen estrategia bikainak saria izan du helmugan. Simone Yates britainiar gaztea izan da azkarrena; Abaltzisketako azken aldapan jo du erasoa, lasterketa bukatzeko 10 kilometro falta zirela, eta atzekoei tartea ateratzea lortu du. Yatesen profesional mailako aurreneko garaipena da; Euskal Herriko lasterketak “oso gustukoak” dituela esan du, eta Ordiziako proba bere neurrira egindakoa dela, “gogorra eta gora-behera askokoa”. Angel Madrazok eta Alexander Vdovin izan dira podiumeko bigarren eta hirugarren postuak lortu dituztenak.
Garikoitz Bravo lazkaotarrarena zen lasterketaren hasieran faboritoen dantzan zebilen izenetako bat. Berak ere, “irabaztera” zetorrela azaldu du, baina bolada batean errepidetik kanpo egon eta gero, Murias taldeko txirrindulariak gaur ez du gorputzaldirik onena izan. Abaltzisketako azken aldapan “kalanbreak” izan dituela aitortu du; hala ere, dena ematen saiatu da, aurreneko hamarren artean sartzeko. Azkenean, 8. postuan sartu da helmugan, eta bera izan da lehen euskalduna, Pello Bilbaoren aurretik.
Goizean goizetik giro bikaina izan da Ordizian. Txirrindularien kontrol gunean, bat egin dute ziklistek eta parrandatik bueltan zetozen gazteek, eta ez da kanturik eta animo oihurik falta izan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.